Bi urtean edukiontziekin hondakinen %55 gaika biltzeko helburua proposatu du Plataformak

Baleike 2013ko mar. 6a, 09:50

Zumaian sortzen ditugun hondakinen kudeaketarako bere proposamena aurkeztu du herri plataformak. Edukiontzien sistemak oraindik asko eman dezakeela defenditzen dute, Udalak, gizarte eragileek eta herritarrek benetako ahalegina egiten badute. Horrela, bi urteko epeak hondakinen %55 gaika biltzeko helburua jarri du bere proposamenean. Helburua lortuko balitz, orduan edukiontzien sistema behin betirako mantentzea eskatzen dute. Lortuko ez balitz, "hitz egiteko prest geundeke". Era berean, Herritar gehienak atez ateko sistemaren aurka daudenez, Plataformak dio ez duela inposaketarik onartuko. "Udalak atez atekoa ezartzeko erabakia hartzen badu, erreferenduma eskatuko dugu". Bitartean, Udalari presio egiteko, balkoietan zabor poltsak zintzilikatzeko eskatu dute. Hemen irakur dezakezue Plataformak aurkeztutako proposamena, puntuz puntu:

Hondakinen gaikako bilketaren datuak (2012)

2012ko abenduan egin zen hondakinen mahaiaren bileran, Zumaiako udal gobernuak hondakin bilketarako bere aukera aurkeztu zuen, mahaia osatzen duten kide ezberdinek, hura aztertu ondoren, bakoitzak bere erantzuna eman zezan urtarrilean zehar.

2012ko maiatza geroztik Zumaiako Plataformak Gipuzkoako hainbat udalerritan ezarri den Atez Ateko ereduaren aurkako 4.000 zumaiar baino gehiagoren atxikimendua jaso du. Eredu horren aurkako iritzia, baina, era berean, birziklapenaren aldeko beren jarrera adieraziz.

Udalak emandako azken hilabetetako datuen arabera, argi geratu da Zumaiako herritarrak hondakinak behar bezala biltzearen beharraz jabetu direla eta horren arabera jokatzen ari direla.

Hala ere, jakin badakigu oraindik ere badagoela zertan hobetu. Orain artean lortutakoa hobetzeko hemendik aurrera ere bidea badugu.

Gaikako bilketaren emaitzak hobetzeko herritarren benetako partaidetza eta hauen konpromisoa eskatzen dugu. Zumaiarrak argi utzi dute bitartekoak eskainiz gero oso ondo erantzuten dakitela. Ez dezagun alferrikako baldintzarik ezarri.

Testuinguru horretan aurkezten diegu honako proposamen hau Zumaiako hondakin mahaiko kideei, Getxon Bildu, PSE eta EAJren artean hitzartutakoaren ildotik doan proposamena, hain zuzen.

Proposamena

Getxon abian jarritako saio pilotuan “atez ateko” izena ematen diote 5. edukiontziaren bitartez eginiko bilketari, herritarrentzat borondatezkoa den bilketa, txartel edota giltzez eginikoa, eta esekitokirik gabekoa.

1) Hasteko, behar-beharrezkoa da Udalak edota Udal Elkarteak azken 16 hilabetetako gaikako bilketaren bilakaera azaltzea, frakzio guztien datuak xehetasun osoz eskainiz (papera eta kartoia, beira, ontziak, organikoa eta errefusa). Datu horiek eskura, ezagutu ahal izango dugu zumaiarrek gaikako bilketarekin duten konpromiso maila. Datuak, baina, udalerrian sortzen diren hondakin GUZTIAK kontutan hartu beharko dituzte. Ez, beraz, soilik Etxe Hondakinak, baizik HIRI HONDAKIN GUZTIAK (Etxe Hondakinak + Hondakin Industrial, Komertzial eta Baliokideak, “RICIA” izenarekin ezagutzen direnak). Datu horiek islatzen baitute era egoki batean udalerrian sortzen den hondakin kopurua eta bilketaren nondik norakoa. Ezin dugu erantzukizun oso-osoa herritarren gain soilik utzi, “RICIA” horiek eragindakoa hondakin guztien herena denean.

2) Zumaiako Udala eta Urola Kosta Udal Elkartearen babesarekin, jarraipen sistema baten ezarpena. Adierazleen definizioa eta, emaitza zehatzak helburu, herritarren atxikimendua lortu eta sendotzeko Komunikazio Plana eta Herritarren Kontzientziazio plana, iraunkortasuna eta ingurumenari begirunea helburu, elkarren artean aurrera egiteko. Lortutako emaitzetan eta sistema hobetzeko proposamenetan berebiziko indarra ipiniz, erabiltzaileei ere iradokizunak egiteko aukera eskainiz, egiten dituztenak aztertuz eta, ahal denetan, indarrean ezarriz.

3) Zumaiako hainbat eragilerekin osaturiko Lan Talde baten eraketa, gune arazodunak eta hobekuntza behar duten eremuak antzeman eta edukiontzi bidezko gaikako bilketaren emaitzak hobetuko dituzten neurriak proposatzeko.

4) Lan Taldeak hondakin ekoizle berezituentzat berariazko ekintzak proposatuko ditu. Hala nola, ikastetxeetako jangela, elkarte gastronomiko, taberna eta jatetxe, hotel, egoitza, merkatal gune eta industrietarako, eta oro har, hondakin ekoizle den talde orotarako (etxe hondakin nahiz RICIA izan).

5) Edukiontzietara erabateko irisgarritasuna lortu, herri osorako nahiko edukiontzi jarriz eta hauen kokapena ondo aztertuz. Beharrezkoa balitz, edukiontzi gehiago ezarriz edota bilketa maiztasuna handituz.

6) Bi urtetako epe muga eskatzen dugu gaikako bilketa %55ra iritsi dadin (Getxon, Bilduk %50a ZORTZI URTE BARRU lortzea onartu du). %55ekoa sortutako hondakin guzti-guztiarekiko (sailkatua izan edo ez izan) eta 2010eko datuetan oinarrituz. Hau da, 2014ko amaieran, proposatzen dugun sistemaren bidez gaika jasotako kiloak udalerrian sortutako mota guztietako hondakinen %55 izan beharko luke, hau da, Hiri Hondakin guztiak kontuan hartuta (Etxe Hondakinak gehi RICIA). Bilketa datuak Udalak eta Udal Elkarteak emango dituzte, zehaztasunez eta frakzio bakoitzaren helmuga aipatuz: Lapatx (organikoa), Legazpi (ontziak), Ecoenves (beira).... Datuak Zumaiako lan taldearen esku jarriko dira. Lan talde hori izendatua izango da eta zumaiarren gehiengoaren borondatearen bermatzaile modura, Zumaiako Plataformak izango du lan taldearen presidentzia.

7) Aurreikusitako epean %55 horretara hurbiltzen den kopurua lortu bada, eta emaitzen bilakaera positiboa antzematen bada, proposatutako edukiontzien bitartez eginiko bilketa sistema ezarriko da behin betirako Zumaian.

8.-Baldin eta Udalak edo Udal Elkarteak, aldebakarreko erabakiz, bosgarren edukiontziaren bidezko bilketaren alde zumaiarren gehiengoak eginiko eskariaren kontra jotzen badute, Plataformak herri-kontsulta abian jartzeko exijituko du eta gauzatu dadin neurriak hartuko ditu.