Atez Ateren kontrako herri plataformak bilera deitu du astearte iluntzerako (20:00etan, Alondegian), hondakinen bilketarako daukan proposamena aurkezteko. Plataformako kide Eusebio Larrañagak Urola Kostako Hitza-n aurreratu duenez, edukiontzien sistema hobetzea da beraien proposamena. Hemen pasartea:"Bosgarren edukiontzia herritar guztien artean hedatu, kontzientziazio kanpainak egin, eta bilketaren datu zehatzak eskura izan. Hori guztia bi urtean, gutxieneko bilketa sailkatuaren kopurua %55ekoa izan dadin. Ziur gaude erraz gaindituko dugula (Bildu, Getxon, %50eko helburuarekin ados azaldu da). Hori guztia gauzatzeko, bi urtetako epea eskatzen diogu alkateari. Horrela, zumaiarrek aukera izango dute birziklatzearen aldeko beren jarrera eta lortutako emaitzak agerian uzteko; beti ere begirune osoz, herritarrekin elkarlanean".
"Alkateak ez badu bi urteko epe hori onartzen, eta zumaiar gehiengo baten borondatearen kontra joz. –edozein dela ere ematen dion izena–, atez atekoa ezartzeko ahaleginean jarraitzen badu, herri galdeketa eskatzen diogu. Ez dago ezer demokratikoagorik, ez dago parte hartze ariketa naturalagorik, herri galdeketa bat baino. Beraz, Zumaiako alkateak (eta gainontzeko herrietakoek berdin) nahikoa lan izango du herritarren hitzari mozala jartzea justifikatzeko".
Urola Kostako Hitza-n argitaratua, Arkupea gehigarriko seigarren orrialdean.