Afizionatuen tropelak Zumaian ekingo dio denboraldiari

Baleike 2013ko mar. 1a, 11:36

Bihar larunbata afizionatu mailako txirrindulari lasterketa izango da Zumaian. Bosgarrenez jokatuko da Zumaia Saria eta lasterketa honek emango dio hasiera Hego Euskal Herrian afizionatuen denboraldiari. Elite eta 23 urtez azpiko txirrindulariak izango dira lasterketa honetan, eta ohi denez 150 txirrindulari baino gehiago izango dira bertan. Euskaldun Torneoko lehen lasterketa denez, lasterketa irabazteak lidertza ere eman liezaioke aurrenari, euskal lizentziaren jabe bada behintzat, izan ere Euskal Herritik kanpotik ere etorri izan dira txirrindulariak lehiatzera. Arritxu Iribarrek eman dizkigu txirrindularitzako azken berriak.

Beti bezala 112 km terdiko ibilbidea izango du karrerak, hiru itzuli saihesbidetik eta ondoren sei Zakila Bira. Goizeko 9.30ean hasiko da lasterketa eta 12.30 alderako izango dugu irabazlearen izena. Oso litekeena da esprintean bukatzea; aurreko urteetan hala izan da: Unai Elorriaga, Iban leanizbarrutia eta Unai Iparragirre gailendu dira Zumaian. Iazko irabazlea, Iparragirre aurten profesionaletan dugu Euskadi Fundazioaren eskutik.

Lasterketa ikusteko polita da, txirrindulariak askotan ikusi baitaitezke, eta korritzeko ere polita da, besteetatik desberdina: mendaterik ez du eta gure egutegian esprinterrek, eta ordekan luzitzen direnek aukera urriak izaten dituztenez, hau ziklista horien gogoko karrera izaten da. Mailan berriak direnentzat ere egokia, afizionatuetara pasatzen direnek lanak izaten baitiutzte karrerak bukatzeko eta Zumaiakoa bere ezaugarriengatik aproposa da horientzat ere.

Txirrindulariak gogotsu daude eta beti bezala goi mailako ikuskizuna emango dute Zumaian larunbatean.

Viveros San Anton-ek estreinatu du errepideko denboraldia

Pistako denboraldia azkenetan, joan den igandean Euskadiko junior mailako txapelketak jokatu ondoren, errepideari begira jarri da Viveros San Anton. Tafallan jokatutako Euskadiko txapelketetan, Gorka Etxabe izan zen onena, zazpigarren amaitu zuelarik; Aitor Olaziregi 12. izan zen eta Haritz Eizagirre 14. Hotz ikaragarria egin zuen eta, orotara, markak ez ziren oso onak izan. Txirrindulari gipuzkoarrek agindu zuten sailkapenean eta lasterketak gobernatzeko orduan.

Probaz proba, Gorka Etxabek kilometroan lortu zuen emaitzarik onena bosgarren izan baitzen; Aitor Olaziregi berriz puntuaketan luzitu zen laugarren sailkatuz; eta denboraldiko puntuaketa laterketarik onena eginez ere Haritz Eizagirre zortzigarren sailkatu zen.

Orain errepidearen txanda da, eta igandean Eibarren izango dute jubenilek lehen lasterketa. 78 kilometroko lasterketa, non amaieran San Migel igo beharko duten txirrindulariek.

Kadeteek joan den larunbatean eguraldi baldintza negargarrietan jokatu zuten Ibaetan errepideko lehen proba. Elurretan, hotzari eta bustiari aurre egin eta Viveros San Anton taldetik Jon Agirre izan zen onena. 16. sailkatu zen. Finalerako 30 txirrindulari sailkatu ziren eta 16. amaitu zuen Jon Agirrek. Guztira 75 txirrindularik parte hartu zuten. Aste honetan kadeteek ez dute karrerarik.

Infantil eta alebinek ere denboraldiari ekingo diote. Hondarribian hasiko da etorkizuneko txirrindularien denboraldia.

Zumaiako Txirrindulari Elkarteak Viveros San Anton enpresari eskerrak eman nahi dizkio, denboraldi honetan ere hortxe izango baita laguntzen eta bide batez taldeko mailota jantziko duten guztiei zorterik onena opa die denboraldi berrian.