"Herritar asko errudun sentitzen dira ezin dutelako etxeko hipoteka ordaindu"

Baleike 2013ko ots. 28a, 11:49

Etxe kaleratzeak urrutiko kontua direla badirudi ere, Kaleratzeak Stop Plataformatik azaldu dutenez, Gipuzkoan egunero bi-hiru kaleratze izaten dira. «Etxebizitza erosteko hipoteka eskatu duen edonori gerta dakioken arazoa da. Horren aurrean, lana galdu eta mailegua ordaindu ezin dutelako errudun sentitzeari utzi behar diogu herritarrok, eta banketxeek sustatu duten sistemaren biktima garela kontuan hartu», azaldu dio Kaleratzeak Stop Plataformako kide Iker Apilanezek Urola Kostako Hitza-ri. Gizartea gaiaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, gaur arratsaldean Etxe kaleratzeen errealitate gordina hitzaldia antolatu dute. 19:30etik aurrera izango da, Zumaiako Alondegian."Euskal Herrian familia askok azken unera arte itxaroten dute gertatzen zaiena azaldu aurretik, eta beren inguruan laguntza aurkitzen saiatzen dira mailegua ordaindu ahal izateko. Oraindik ere herritar asko errudun sentitzen da, lana galdu eta ezin duelako hipoteka ordaindu». Ikuspuntu hori «erabat aldatu» behar dela uste du plataformak. «Egoera horretan dauden lagunak asko dira, eta ez daudela bakarrik sentitu behar dute; euren egoera ez dela isolatua, alegia».

Etxetik kaleratu dituztenen artean aniztasuna da nagusi. «Normalean gugana jotzen dutenak 2004-2008 urte artean, burbuila gorenean zegoenean, etxebizitza erosi zutenak izaten dira. Badaude seme-alabarik gabeko bikote gazteak, atzerritarrak, seme-alaba nagusiak dituzten helduak, euren etxebizitzaz gain adineko gurasoen etxebizitza ere galtzear dutenak. Azken finean hipoteka izan eta lana galdu duen edozeini gerta dakioken zerbait da», azaldu du plataformako kide Apilanezek.

Kaleratzeak Stop Plataformako kideen esanetan etxebizitza galtzeko arriskuan dagoela sentitzen dutenek, «lehenbailehen» eskatu beharko lukete laguntza. «Prebentzioa oso garrantzitsua da. Herritarren batek uste badu denbora batean ezingo diola aurre egin hipotekari orduan gugana etortzea garrantzitsua da, bitarte horretan banketxearekin negoziatu daitekeelako. Gertatu izan da norbanakoa hipoteka negoziatzeko asmoz banketxeko zuzendariarengana joatea eta horrek gutxiestea. Aldiz, plataformako kideren batekin joanez gero egoera zeharo aldatzen da».

Gizartearen presioa

Askotan muturreko egoerak etorkizuna beltza ikustarazten badu ere, Kaleratzeak Stop Plataformaren iritziz gizarteak «berebiziko» indarra du etxe kaleratzeen aurkako borrokan. «Maileguek Kalteturiko Plataformak herri ekimen legegile bat aurkeztu du ia milioi eta erdi sinadurez babestua. Bertan eskatzen da hipoteken legea aldatzea. Etxe kaleratze prozedura guztiak gelditzea, 2008an krisia abiatu zenetik euren etxebizitza galdu dutenek zorra etxetxebizitza ordainean emanda ordaintzeko aukera izatea, eta, azkenik, etxebizitza galdu dutenei alokairu sozial bat eskaintzea. Herri ekimena bi aldiz atzera bota zuten, baina orain parlamentuan tramitera onartu dute gizarteak egin duen presioari esker. Horrek erakusten du gauzak alda daitezkeela».