Adinekoen egoitzetako langileek greba deitu dute, "patronalaren jarrera salatzeko"

Baleike 2013ko ots. 19a, 16:10

Gipuzkoako egoitzetan greba egingo dute otsailaren 27, 28 eta martxoaren 1ean, "lan baldintza duinen defentsan". Ohar bidez jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskaintza garrantzitsua egin du gatazka konpontzeko eta langileek onartu dute, baina patronalaren erantzuna ezezkoa izan da. "Ez dute nahi hitzarmen berria, Rajoyren lan erreformarekin nahi dituzten murrizketak egin ditzaketelako". Hemen irakur dezakezue langileek idatzitako oharra:Ez da lehen aldia helduen sektorean lan egiten dugun langileok kalera atera beharrean gaudela, bizi ditugun lan baldintzen atzerapausoak salatzera. 15 urte baino gehiago daramazkigu aldarrikatzen eta gure lan baldintzen duintasunaren alde borrokatzen. Modu iraunkor batean gure lan bizitzaren parte izan dira. Orain guzti honi gehitu behar zaio, patronalak (ADEGI eta LARES) Rajoy-k egindako lan erreforma ezarri nahi izatea. Egoera guzti hauen ondorioz, gure lan baldintzak kaxkartu eta okertu egin dira, inoiz pentsatu gabeko egoeretara bueltatuz,beraz, garaia da guzti honi aurre egiteko, geure burua defenditzeko, mobilizazioak eta greba eginez. Hitzarmen kolektibo berriririk ez balego, Rajoyren Lan Erreformak, patronalei ahalbideratzen dio soldaten 400€ko murrizketa egitea eta 200 orduko lana gehitzea, eta modu berean erreformak ahalbidetzen dituen murrizketa guztiak ezartzen.

2012ko urriaren 19an mahai negoziatzailea osatu zen, geroztik, ez da inongo aurrerapausorik eman. Patronalaren ikuspegitik ulertzekoa da, jakin bai daki, 2013ko uztailaren 8tik aurrera soldatak jaitsi, jardunaldia haunditu, hemen sinatutako hitzarmenak deusestatu eta enpresa itunak desagertaraztea posible dela eta estatuko hitzarmena aplikatzera pasa daitezkela. Laburbilduz, 4 hilabete buruan eskubide laboral eta sozial guztiak kendu ahal izango dizkigute.

Gatazka larri honi irteera emateko asmotan, otsailaren 6an Gipuzkoako Foru Aldundiak (benetako ordaintzaileak direnak enpresen bitartez) eskaintza garrantzitsua egin zigun, bai enpresariei zein langileei. Proposamen honek hobekuntzak eta murrizketen aurrean bermeak eskaitzen zituenez ELA eta LAB sindikatuek onartu genuen GFAk egindako proposamena . Era berean, Foru Aldundiak 8,2 milioi € jarri ditu mahai gainean, enpresek gure baldintzen hobekuntzako kostuak estaltzeko. Baina patronalak ez du proposamen hau onartu nahi izan.

Gaur egun irabazten duena baino gehiago irabazi nahi du, guk lan gehiago egitea nahi dute baina soldata gutxiago ordainduta, eta GFAk jarritako diru hau hartuaz mozkinak haunditu, eta 8,2 milioi euroak zuzenean haien poltsikoetara eramatea. ELA eta LAB- sindikatuek salatzen dugu prozesu honetan patronalek eduki duten jarrera eta lapurreta nahia eta horren aurrean planto egitea erabaki dugu.

Hiru egunetako greba deitu dugu otsailaren 27 eta 28, eta Martxoaren 1 erako. Ez da inorren gustokoa izaten modu honetako erabaki bat hartzea, oraindik eta gutxiago gure bezalako sektore batean. Baina edozein langilek ulertzen du urtean ,5000 € lapurtuta, patronalaren poltsikoen mesedetan, eta lortutako lan baldintzen galera haundi baten aurrean, gure burua defendatzeko modu bakarra borroka dela.

Badakigu zerbitzu eta arreta kalitatea greba-egunetan zehar ahulduko dela, eta horregatik zuen ulermena eta babesa eskatzen dizuegu aldez aurretik.