Manu Uranga: "Munduko hamar onenen artean sartzea da Alexen erronka"

Baleike 2013ko ots. 18a, 11:10

Pare bat aste daramatza Alex Urangak Hawaii aldean. Munduko Bodyboard Zirkuitua hastera doa eta Turtle bay-ko (Dordokaren badia) olatuaren trikimailu guztiak ongi ikastea beharrezkoa da txapelketan lehiakor izateko –otsailaren 19tik martxoaren 1era jokatuko da Hawaiiko proba–. "Olatu bakoitzari neurria hartzea da garrantzitsuena", azaldu digu Manu anaiak. Berak sartu zion bodyboardaren harra anaia gazteari eta bera du aholkulari eta laguntzaile konfiantzazkoena. Bideoan ikus dezakezue Hawaiira abiatu baino lehen Izustarriko olatuan Jon Lopezekin egin zuen saio ikusgarria –Xtreme Bodyboarden ekoizpena–. Jon Lopez ere Hawaiin da, trialsetan (aurrekanporaketak) parte hartzeko.

Iaz txapelketa osoa jokatzeko aukera izan zuen Alexek, munduko onenekin. Hamalaugarren postuan amaitu zuen eta horrek aukera eman dio aurten ere puntan jarraitzeko. Zure ikuspuntutik, nola baloratzen duzu iazkoa?

Iazko esperientzia oso ona izan zen, baina, aldi berean, oso gogorra. Teknikoki oso ondo ikusi nuen, baina txapelketako klabe batzuk ez ziren ondo atera, adibidez Puerto Ricoko estrategia. Eta zorte pittin bat ere falta izan zitzaion une batzutan. Denboraldi amaierara iritsi ginen tentsio handiarekin. Frontonen 14. zegoen sailkapenean eta kalkuluak egiten ikusi genuen gure burua, maila galtzeko arriskua zegoelako. Zirkuitu amaieran horrela egotea tentsio handiko momentua da. Baina sekulako lana egin du. Lehen urtea izanik, mailari eustea gauza handia da. Gainera, bakarrik ibili da batera eta bestera, eta baliabideak askotan ez dira izan onenak. Erosotasuna behar da lana ondo egiteko, eta batzutan hori falta izan zaigu, lo egiteko leku egokiak… Horrek desabantaila suposatzen du goian daudenekin alderatuta, baina berak ilusioarekin gainditzen ditu oztopo horiek.

Baliabide aldetik desabantailan izateak gero eragina izango du lehiatzeko orduan.

Bai, hala da. olatu bakoitzari neurria hartzea da garrantzitsuena, aklimatatzea. Txapelketa bakoitza oso ezberdina da, baldintzak asko aldatzen dira. Ur berotik hotzera pasa zaitezke, olatu bortitzak edo kapritxosoak izan daitezke… Lekuari neurria hartu behar zaio, olatura jarri, kontzentratu, gero lan ona egingo bada. Eta horretarako denbora behar da, lekuetara garaiz joan… Eta horrek baliabideak eskatzen ditu.

Iaz proba batzutan oso gutxigatik gelditu zen kalean nahi baino lehen, eta erregulartasuna ezinbestekoa da goian egoteko. Lehiatzeko garaian nola ikusi duzu?

Lehiatzeko garaian anaia oso sendo ikusi dut, estrategia beti garbi izan du. Hawaiin eta Brasilen hamarren batzuk gorabehera gelditu zen kalean behar baino lehenago, baina txapelketetako mangarik lehiatuenak eta puntuazio altuenekoak izan ziren. Urte osoa aztertzen badugu, ohartzen zara handiekin lehiatu denean hamarren apur horiek beti kontra izan dituela. Baina hori ez da albistea, arrunta da. Orohar, oso ondo ikusi dut lehian, bere buruarekiko konfiantza handiarekin, aukera onenaren zain, nerbioei ondo eutsiz. Hanka sartzea egin genuen Puerto Ricon, zailtasunak izan zituen itsasoaren baldintzak irakurtzeko, baina orohar oso ondo.

Debutariaren urtea gaindituta, zirkuituan nola baloratzen dute Alexen lana?

Lehen denboraldian lortu duenarekin Alexek izena egin du zirkuituan. Dagoeneko ez da Reunion Irlako ezustekoa –2011n hango proba irabazi zuen–, sendotu egin da. Aurkariek errespetua diote, aurkari gogortzat daukate. Winchester, Player, Hubbard… Denek diote errespetua.

Hamasei onenen artean mantentzea ez da gutxi, baina gorago begiratzeko aukerarik ikusten al duzue?

Aurtengorako lehen helburua mailari eustea izango da, baina pixkanaka gora egin nahi du eta lehen hamarren artean sartzea da erronka. Bodyboardarentzat ere ez dira garai onenak, baina guk ahaleginak egingo ditugu erronka horri aurre egiteko.

Hawaiikoa da lehen  proba. Sona handiko proba da.

Hawaiikoa oso berezia da guztientzat. Batetik, denboraldi hasiera delako. Baina baita ere leku berezia delako. Han bezalako girorik ez dago inon. Erakusleiho bat da. Munduko argazkilari onenak biltzen dira han. Olatua perfektua da, eta saio on batek urte osorako irudiak eman ditzake.