Kirol Patronatuak deituta, Kirol Mahaia osatzeko lehen bilera egin zen joan den astean Alondegian. Bertan, herriko elkarteetako kideak eta kirol arloan lan egiteko prest dauden herritarrak bildu ziren. Iñaki Ostolaza kirol batzordeburuak, Fran Aizpurua patronatuko kirol teknikariak eta Antxon Alberdi Patronatuko arduradunak Kirol Mahaia zertarako osatu nahi den, eta zein egituraketa izango duen azaldu zuten. Kirol Mahaiaren egituraketari dagokionez, azpi mahaiak, edo kirolaren arlo ezberdinez arituko diren hiru mahai osatuko dira: kirol eskolako mahaia, errendimendu kirola aztertuko duen mahaia eta aisialdiko kirolaz arituko dena. Mahai horietan arlo bakoitzaren inguruko azterketa sakona egin eta ondorio batzuetara iristea aurreikusten da. Hau da, arlo bakoitzean etorkizuneko erronkak zeintzuk izango diren, eta elkarlanean helburu horiek lortzeko egin daitekeenaz hausnartuko dute.
Hiru mahai horietan ordezkariak aukeratuko dira, eta ordezkari horiek beste mahai batean ere hartuko dute parte: planifikazio mahaian. Mahai honen helburua, beste taldeetako ondorio eta proposamenekin datozen urteetan kirol arloaren norabidea zehazteko plangintza egin eta lehentasunak ezartzea izango da. Beti ere kirol arloaren kolektibotasunaren mesedetan.
Hurrengo bilerak
Bileraren bukaeran, bilerara joandakoak prest agertu ziren kirol mahaian parte hartzeko, eta orokorrean, harrera ona egin zioten proposamenari. Bilera guztiak irekiak dira, eta bertan herriko kirolaren etorkizunaz hausnartu eta hobetzeko lan egin nahi duen orok har dezake parte.
Datozen bilerak ere zehaztu zituzten. Bilera guztiak, 19:00etan, Alondegiko lehen solairuko bilera gelan izango dira. Hala, otsailaren 21ean, eskola kirolaren mahaia elkartuko da; martxoaren 7an errendimendu kirolarena eta martxoaren 21ean aisialdi kirolarena.
Mahai bakoitzak bere ibilbidea izango du. Hau da, lantzeko dauden gaiek ematen duten ibilbidea izango dute.
Harremanetarako: Antxon Alberdi (gerentea@lubaki.eu) eta Fran Aizpurua (kirolak@lubaki.eu / 629503369)