Zirkoaren magia Musika Eskolan

Baleike 2013ko ots. 6a, 10:00

Zumaiako Musika eta Dantza Eskolak Inauterietako festa antolatuko du seigarren urtez jarraian. Aurreko urteetan Lantzeko Inauteriak, akelarreak, piratak, Asterix eta Obelix, eta mamu festa izan dira festarako aukeratutako gaiak. Aurten zirkoaren mundu koloretsuak hartuko ditu herriko kaleak, eskolako ikasle, irakasle eta gurasoen eskutik.Irailean, kurtso hasieran, ekin zioten festa antolatzeko lanei. Hilabete hauetako lana otsailaren 8an ikusiko da. 18:30ean abiatuko da kalejira Ubillos jauregitik eta jaialdia jarraian izango da, Beheko plazan. “Aurreko urteetan Ondartxo plazan egin izan dugu, baina dagoeneko txikitxo geratu zaigu”, dio eskolako zuzendari Sofia Oriak.

Txikia, izan ere, jendetza joan ohi da festa hau ikustera. “Pixkanaka herriko festa bihurtzen joan da eta jendea irrikaz izaten da jakiteko ea zer egingo dugun Inauterietan. Urtetik urtera sakontzen joateko asmoa dugu eta ikusiko dugu ea noraino iristen garen”.

Orain sei urte antolatu zuten Inauterietako lehen festa, Lantzeko Inauterien inguruan. Sei urte horietan Inauterietako hitzordu finkoa bihurtu da. “Ez genuen pentsatzen halako arrakasta izango zuenik. Lehen urtekoa ikusi eta gero hain pozik atera ginen, hurrengo urtean berriro egin genuen, eta gaur arte”.

Berriketaldi batean atera zen jaialdi hau antolatzeko ideia. “Isaakek [Aranberrik], dantzako irakasleak, eszedentzia eskatu zuen eta haren ordez Debako bi neska etorri ziren hura ordezkatzera. Haiek esan ziguten Deban musika eta dantzaren inguruko jaialdia antolatzen dela bizpahiru edo hiruzpalau urtean behin, Inauterietan, eta herriko jendeak hartzen duela parte. Ideia ona eta aberasgarria iruditu zitzaigun herriko ahalik eta kultur eragile gehien inguratu eta festa bat egiteko”, dio Sofiak. Asmoa “herriko festa bat izatea” dela errepikatzen du, “ahal den parte hartze handienarekin. Herri honek duen potentzialarekin, herrian bertan egin daiteke guztia, beste inora joan gabe”.

Musika eta dantza, antzerkia eta komedia. Kultur jarduera ugari biltzen ditu festak. “Aurten Gaztetxeko jendea hurbildu nahi genuen, malabarrekin zerbait egiteko, baina ezinezkoa izan zen. Baina badakigu hurrengo urterako hor daudela. Beti saiatzen gara berrikuntzak sartzen. Aurten jantzi tailerra egingo da, gurasoen inplikazio handiagoa lortzeko. Iaz Amaia Zinkunegi beratarrak ekarritako jantziak eraman zituzten guraso batzuek, eta oso ondo pasa zuten. Tailerra egitea ideia ona iruditu zitzaigun gurasoak ere pixkanaka sartzen joateko”. Halako amuak behar izaten al dira helduak festara erakartzeko? “Zaila izaten da helduen parte hartzea lortzea, bai kalejiran, bai beste arloetan ere. Baditugu halako lotsa batzuk eta kostatu egiten zaigu pauso horiek ematea”.

Urteekin gaiak zabaltzen joan dira. Hasieran Euskal Herriarekin lotura zuten gaien inguruan antolatu ziren festak (Lantz, akelarreak), “baina zabaldu egin behar izan dugu askoz gehiagorako ez zuen-eta ematen. Piraten gaia jorratu genuenean saiatu ginen euskal piratei omenaldia egiten. Baina egia da pixka bat kolokan geratuko ginela zabalduko ez bagenu. Gainera, festako gaia beti musikarekin lotzen saiatzen gara. Umeekin jokatzeko aukera gehiago ere ematen du horrek”. Aurten zirkoaren mundu koloretsuaz jantziko da festa. “Gai polita eta zabala iruditu zitzaigun. Umeentzat erakargarria ere bada. Zalantzak genituen animaliak sartu edo ez. Baina azkenean ez ditugu sartuko, bi hankako nahikoa animalia baditugu eta!

Herritarrok jaialdi honen alde ludikoa ikusten badugu ere, hezkuntzaren garrantzia aldarrikatzen dute antolatzaileek. “Guretzat ez da egun bakarreko zerbait; irailetik ari gara lanean jaialdia prestatzen. Asko lantzen dugun zerbait da, baita eskolako gaien barruan ere. Inauterien jaialdia aitzakiatzat hartuta, gai hori ikasgaietan sartzen saiatzen gara (aurten liburuxka batzuk prestatu ditugu). Sorpresa txikiak ematen joaten gara kurtsoan zehar eta umeek hori ilusio handiarekin hartzen dute. Egun polita izaten da denentzat, eta ondo ateratzen bada, zoragarria izaten da. Baina hemen, eskolan, bizitzen duguna da niretzat politena”.

Hori hala izanda ere, festa egunean bizi den magia ere gogoko du Sofiak. “Kalejiran ateratzen garenean hasieran lotsatuta joaten gara, umeak ezin eutsika. Baina ikusten duzunean jende hori dena zain, irribarretsu, oso polita izaten da. Eta umeak ere zoratzen egoten dira. Lan guztia egin eta gero, disfrutatzeko eguna izaten da”.