Luizi handi batek kalte larriak eragin ditu Orrua arrain haztegian

Baleike 2013ko urt. 24a, 18:36

[/caption]

Gaur goizaldean gertatu da luizia, Askizuko Gure Ametsa landetxearen pareko mendi magalean, eta behealdean eraikita dagoen Orrua arrain haztegia bete-betean harrapatu du. Mendia goitik behera etorri da, eta kalte handiak eragin ditu haztegian. Landetxean ere kezkatuta daude. Etxea seguru dagoela ziurtatu diete teknikariek, baina luizia ez da erabat egonkortu eta etxera iristeko errepidean sekulako pitzadurak agertu dira."Mendia behera etorri da, goiko landetxearen paretik; 200 bat kamioika lur badaude hemen", esan digu Orruako arduradunetako batek. Mendi magalaren kontra eraikitako horma lehertu eta luizia enpresa barruraino sartu da, egituran eta tresnerian kalte handiak eraginez. "Orain produkzioa gelditu geneukan, baina laster bakailaoarekin hastekoak ginen. Orain dena atzeratu beharko dugu".

Askizuko Arano baserritik behera jaisten den erreka urez gainezka dator, luiziak bide naturala eten dio eta enpresa barrura sartzen ari da. "Errekako ura izozgailuetan sartzea da gure beldurra. Han izozten bada, askoz okerragoa izango da kaltea". Horregatik, urari bidea egiten saiatu dira lehenik. "Lan handia dago hemen hurrengo egunetarako. Aurrena ikusi beharko da luizia egonkortzen den. Gero pare bat aste beharko dira lur guztia kentzeko. Eta ondoren enpresak beharko dituen konponketak".

Gure Ametsa, luiziaren amildegian

Orrua haztegiaren atzealdetik mendian gora doan errepide estutik iristen da Askizuko Gure Ametsa landetxera. Luiziak pitzadurak eragin ditu errepidean, eta ez dago etxeraino kotxean iristeko modurik. "Goizeko hiru eta erdiak aldera entzun dugu burrunba", azaldu ditu landetxeko Ainhoa Balerdik. Mendi magalean dago eraikia etxea, eta lehen kezka izan da etxearen gainaldetik ote zetorren luizia. "Propanoa ere badaukagu eta luiziak harrapatuz gero lehertzeko arriskuarekin beldurtu gara pixka bat".

Luizia, ordea, justu etxe paretik beherantz izan da. Etxe ondoan zuten txabola eraman du, eta orain lokatzezko amildegia dute atarian. Behean Orrua haztegia ikusten da, lurraren indarrarekin horma lehertuta duela. "Goizean sekulako mugimendua izan da hemen, su-hiltzaileak, ertzaintza... Getariako alkatea ere etorri da, arkitektoarekin eta beste teknikari batekin. Esan digute etxeagatik lasai egoteko, lur egonkorraren gainean dagoela eraikita". Hala ere, arazoak ez dira amaitu Gure Ametsa landetxean. "Errepidea ere eramango duen beldur gara. Eta errepiderik gabe ez dago landetxera etortzeko modurik". Oraingoz, bisitarien erreserbak bertan behera utzi beste erremediorik ez dute. "Propanoaren tankea ere eraman egin dute, badaezpada, eta orain bonbona txikiak ekarri zain gaude".