Futbolaz Blai ekimena sortu dute Aitor Manterola eta Joseba Sesma zumaiarrek –Aritz Olagoirekin batera–. "Gaur egun, txikitatik gehiegi azpimarratzen zaie irabaztearen garrantzia; gure iritziz hori ez da zuzena. Aurrena kirola ulertzen, ezagutzen eta gozatzen lagundu behar zaie, gizalegezko baloreak erakutsi".Futbol entrenatzailea da Aitor Manterola. Futbolmamia.com webgunea sortu zuen aurrena, "futbolaren mamian" sakondu nahi dutenei bideratuta, eta han ezagutu zuen Aritz Olagoi kirol psikologoa. "Aritzekin eta Josebarekin solasean [Joseba Sesma, jarduera fisikoa eta kirol zientzietan Lizentziatua], txikienei futbola erakusteko garaian gauzak hobeto egin zitezkeela ikusi genuen, eta kezka horren emaitza da ekimen berria". Futbolaz Blai bloga sortu dute, eta aurrerantzean ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak eskaintzeko prest daude. Larunbatean dute lehen saioa, Donostian: "Haurrak entrenatzen dituztenei zuzendutako saioa izango da. Futbola heziketa tresna gisa ulertzen dugu eta entrenatzaileei erakutsi nahi dizkiegu haurrak modu egokian motibatzeko estrategiak". Izan ere, irabaztearen balioa gehiegi azpimarratzen da txikien artean ere. "Haurrei lehenik eta behin kirola ulertzen, ezagutzen eta gozatzen erakutsi behar zaie. Adin horietan irabazteak ez du inolako garrantziarik. Giza balore egokiak erakutsi behar zaizkie". Kirola egitearen onurak, talde lanaren garrantzia, lagunartea, errespetua eta elkartasuna, dira, besteak beste Kirolaz Blai ekimenaren bitartez zabaldu nahi dituzten baloreak.
Zumaiakoko entrenatzaileei ikastaroa
Donostiako saioa doan izango da, eta parte hartu nahi dutenek futbolazblai@gmail.com helbidean izena eman besterik ez dute egin behar. Anoeta estadioko kirol etxean izango da, Atano III aretoan, 10:30etik 13:00etara. Saio parte-hartzailea izango da. Kezkak eta zalantzak argitzeaz gain, entrenamenduetan erabiltzeko ariketak eta estrategiak erakutsiko dituzte. Baina Donostiakoa lehen saioa baino ez da izango. Eskola kirolaz gain, klubekin ere egin nahi dute lan, eta dagoeneko Zumaiako Futbol Taldearen eskaera jaso dute txikienen entrenatzaileei ikastaroa emateko.
Urolakostako Hitzan ere irakur dezakezu Aitor Manterolari egindako elkarrizketa.