Imanol Lopez nagusi Citrus txapelketan

Baleike 2013ko urt. 23a, 10:43

Asteburuan jokatu da Orlandoko 24. Citrus Txapelketa, Jai Alaiaren Superbowl-a deiturikoa. AEBetako pilotalekuetako ordezkaririk onenak eta Euskal Herritik bertara joandako bikote bat lehiatu dira. Imanol Lopez izan da jaun eta jabe, bai atzelarien arteko buruz buruzkoan, bai binaka Erkiagarekin bikotea osatuta. Hemen ikus ditzakezue Orlandoko Citrus txapelketako bideoak:

BIDEOAK: Atzelariak buruz buru / Aurrelariak buruz buru / Binaka

Aurrelarien banakakoa

Ostiral gaueko funtzioan, Aurrelarien Banakako Titulua jokatu zen. Bertan, Aritz Erkiaga bizkaitarra izan zen nagusi. Goikoetxea ere titulua lortzeko gertu ibili zen baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen, Miamiko bere lagunaren atzetik.

1.- ARITZ Erkiaga....................7 puntu (Miami Jai Alai)

2.- Iñaki Osa GOIKOETXEA.............4 puntu (Miami Jai Alai)

3.- Chritophe OLHA...................4 puntu (Master Pro Tour)

4.- ANGEL Egea.......................3 puntu (Mexico)

5.- DIEGO Beaskoetxea................2 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Alain Urbistondo “ARTA”..........2 puntu (Orlando Jai Alai)

7.- Ricardo SOLOZABAL................1 puntu (Dania Jai Alai)

“.- Juan Carlos Sierra, “SIERRA I”...1 puntu (Orlando Jai Alai)

Atzelarien banakakoa

Larunbat goizeko funtzioan atzelarien banakako titulua jokatu zen eta Imanol Lopezek irabazi zuen. Bera zen faborito nagusia eta hirugarrenez lortu du Orlandoko Atzelarien Titulua, arazo handiegirik gabe. Zortzigarren postuan atera zen kantxara Lopez, eta lehenengo tantua Gotzon Enbil herrikidearen kontra irabazi zuen. Hala ere, hurrengo tantuan Ortzi Goiri "Txasio" zarauztarrak irabazi zion eta "kaiolara" joan behar izan zuen. Tantu bikainak ikusi ziren Lopez berriro kantxara sartu bitartean. Batez ere Enbil zumaiarra eta Sierra II eta Cisneros mexikarrak izan ziren joko ikusgarriena erakutsi zutenak. Hala ere, festak soilik Lopez kantxara sartu arte iraun zuen. Izan ere, beharrezko zituen sei tantuak erreskan lortu zituen Miami Jai Alaiko atzelariak eta banan banan irabazi zien, hurrenez hurren, Cisneros, Txasio, Etcheto, Sierra II, Spinner eta Irastorzari. Errebotean barrura, txula, errebotean bi-paretak... errekurtso bikainak ditu Lopezek atzelaria izateko eta egia esan, ez du aurkarik izan Orlandoko 24. Citruseko Atzelarien titulua irabazteko.

1.- Imanol LOPEZ...............................7 puntu (Miami Jai Alai)

2.- Joey CISNEROS..............................4 puntu (Mexico)

3.- Juan Manuel Sierra, "SIERRA II"............3 puntu (Orlando Jai Alai)

4.- Gotzon ENBIL...............................2 puntu (Dania Jai Alai)

".- Daniel SPINNER.............................2 puntu (Orlando Jai Alai)

6.- Ortzi Goiri "TXASIO".......................1 puntu (Dania Jai Alai)

".- Nicolas ETCHETO............................1 puntu(Master Pro Tour)

8.- Eric IRASTORZA.............................0 puntu (Miami Jai Alai)

Binakakoa

Larunbat gauean berriz, frontoia leporarte beteta zegoelarik, Binakako Titulua jokatu zuten zortzi bikotek. Imanol Lopezek Aritz Erkiagarekin osatu zuen bikotea Miami ordezkatuz. Goikoetxeak Irastorzarekin jokatu zuen, Gotzon Enbilek Beaskoetxearekin eta Txasiok Solozabalekin. Erkiaga-Lopez eta Beaskoetxea-Enbil izan ziren Binakako Txapelketako onenak, eta jendearen txalo zaparrada gogorrenak eurentzat izan ziren.

Beaskoetxea eta Enbil zazpigarren postuan atera ziren kantxara eta jokatu zuten lehenengo tantua, Olha eta Etchetoren aurkakoa, benetan goi mailakoa izan zen. Ia lau minutu luze iraun zituen eta 60 pilotakada inguru. Atzelari biak zein baino zein gehiago ibili ziren, errebes dotoreak erakutsiz. Aurrean ere jokaldi politak egin zituzten eta baita saskiratze zailak ere. Azkenean, Beaskoetxea eta Enbilentzat izan zen puntua, eta Orlandoko ikusleak, zutik, lau pilotarien izugarrizko lana eskertu zuten. Gutxik uste zuten hala ere, hurrengo tantua ere hain goi mailakoa izango zenik. Erkiaga eta Lopez kantxara sartu eta beste tantu luze eta gogor bat jokatu zituzten Beaskoetxea eta Enbilek, hau ere ia lau minutukoa. Beaskoetxeak bi pilota oso zail eraman zituen postura akrobatikoan hormaren kontra. Erkiagak bere saihetseko errebote bikaina atera zuen eta atzean Lopez eta Enbil zumaiarrak zein baino zein ibili ziren errebesez nahiz eskubiz, tantua dominatu nahian. Azkenean, Erkiaga eta Lopezentzat izan zen saria, eta horren ondoren beste sei tantu egin zituzten erreskadan, berriro Beaskoetxea eta Enbilen kontra jokatu arte. Bigarrenean, Daniako pilotarientzat izan zen puntua eta haiek ere tanto mordoa egin zituzten jarraian. Zazpina puntu zeuzkaten bai batzuk eta bai besteek markagailuan. Hala ere, Erkiaga eta Lopez bigarren aldiz kantxan sartu zirenean, falta zituzten hiru tantuak kolpera lortu eta Binakako Titulua eskuratu zuten Orlandoko Citrusean. Sari bikoitzat bi pilotarientzat, banaka ere onenak izan baitira, bata aurrean eta bestea atzean.

1.- ERKIAGA-LOPEZ....................10 puntu (Miami Jai Alai)

2.- BEASKOETXEA-ENBIL.................7 puntu (Dania Jai Alai)

3.- OLHA-ETCHETO......................3 puntu (Master Pro Tour)

4.- SOLOZABAL-TXASIO..................2 puntu (Dania Jai Alai)

5.- ANGEL-HOEY........................1 puntu (Mexico)

6.- GOIKOETXEA-IRASTORZA..............0 puntu (Miami Jai Alai)

".- SIERRA I-SIERRA II................0 puntu (Orlando Jai Alai)

".- ARTA-SPINNER......................0 puntu (Orlando Jai Alai)