“Mozorrotzea ez da disfrazatzea”

Baleike 2013ko urt. 21a, 10:47

[/caption]

Hiztegientzat sinonimoak dira mozorrotzea eta disfrazatzea, baina bi kontzeptuak bereiztea proposatzen digu Oier Araolazak antropologoak. Inauteriak gainean ditugu eta, zeuk aukera, mozorrotu edo disfrazatu. Hemen Araolazak emandako irizpideak:

Disfrazatzea zer den

Inauteria, gaur egungo gizartean, zerbaitez disfrazatzea da: pirataz, indioz... Garrantzitsua da zer disfraz jantzi nahi dugun, baina oso garrantzitsua da, baita ere, nor disfrazatzen den. Kalera indioz ateratzen denak jendearen miresmena bilatzen du, nolabait. Zer ondo dagoen indioz entzun nahi du. Horregatik, garrantzitsua da nortasunari, nitasunari eustea. Indioz disfrazatuta, baina ni izaten jarraitzen dut.

Joera horrekin batera, hedabideetatik behin eta berriro iristen ari zaigun inauteri eredua Brasilgoa da. Benetan harrigarria da nola sustraitzen ari den Rio Janeiroko karnabal eredua, han uda izanik eta hemen negua... Baina berdin zaigu. Edertasunaren goi mailara iristea da eredu horren helburua, eta disfrazak ere halakoxeak dira: urre kolorea, lumak, distira, gorputz ederrak bistan. Geure burua zenbat eta gehiago erakutsi, orduan eta hobeto”.

Mozorrotzea zen den

Baina badaude beste inauteri eredu batzuk. Adibidez, Europako inauteri tradizionalak ez du zerikusirik Brasilgoarekin. Ez da edertasuna bilatzen, ez da material liluragarririk erabiltzen, ez da pertsonaren nitasuna goraipatzen... Mozorroa da gehiago. Nortasuna ezkutatzea, nitasuna ezabatzea du helburu. Hortik aurrera, kontua ez da honetaz edo hartaz mozorrotzea. Beste zerbait da. Ez da inor; ez da ezertaz mozorrotu. Ez du besterik behar.

Nola eraikitzen da mozorroa?

Lehenik eta behin, aurpegia estaliz, inork ez ezagutzeko. Baina badira beste hainbat ezaugarri helburu berbera dutenak. Zer beste modu dago pertsona ezagutzeko? Ahotsagatik. Nahiz eta aurpegia estalia eduki, Europako inauteri tradizionalean oso ohikoa da honelako mozorroak mutuak izatea. Beste ezaugarri bereizagarri bat usaina da. Pertsona batzuk ezagutu ditzakegu usainagatik. Europako inauteri tradizionaletan oso ohikoa da usain oso fuertea daukaten mozorroak erabiltzea, animalien larruak adibidez. Larru horien usaina norberarena estaltzeko erabiltzen da. Adibidez, Altsasuko momoxorroek odolez margotzen dute aurpegia. Aurpegia estaltzeaz gain, odolaren usainak norberarena ezabatzen du.

Birziklapena

Birziklapena da mozorro tradizionalaren oinarria. Etxean, baserrian, edozer gauzak balio du gure mozorroa eraikitzeko. Hasteko, amaren edo amonaren armairu zaharra da daukagun mozorro dendarik onena. Edozerk balio du. Baserrietan, ardi larruak, adarrak, tresnak... Etxean dauzkagun lau gauza harrapatu eta mozorrotu. Hau da, desagertu. Jadanik ez naiz ni. Hori izan da inauteria Europan:

-Zertaz mozorrotu zara?

-Ezertaz ez. Mozorroa naiz.

Mozorro, zomorro

Euskal Herrian azken urteotan Juan Antonio Urbeltzen interpretazioa entzun da asko. “Funtsean, Frazerren planteamenduari beste buelta bat ematen dio, emankortasunaren ideiatik abiatuta. Zein da nekazarien arazorik handiena? Etsai handia non dauka? Zomorro munduan: uzta gal dezake, abereak gaixotu...

Horri aurre egiteko, mozorrotu egingo gara, zomorro bihurtuko gara, eta joango gara etxez etxe, eta kobratuko dugu zerga. Baserritarrari aukera emango diogu eskean ordaintzeko gero zomorroa udan etor ez dadin. Sorginkeria moduko bat egiten du bere uztak eta ganadua babesteko. Hortik etor daiteke mozorro askoren izena: mamotxorro, zomorro, mozorro, koko, zamarratxe... Eta itxura aldetik ere zomorroen mundua irudikatuko lukete. Hori da Urbeltzek planteatu duena. Bitxia bada, behintzat”.

 Neguko festen inguruan urtarrileko Baleiken argitaratutako erreportajearen zati bat da testu hau. Hemen irakur dezakezue erreportajea osorik: Neguko festak