Euri jasak arazoak sortu ditu Ardantzabiden eta Estazioan; itsasgoraren beldur dira Torrontegin

Baleike 2013ko urt. 15a, 09:42

[/caption]

Azken orduetan ari duen euri jasari goizaldeko itsasgora gehitu zaionean urak gainezka egin du Ardantzabide aldean, eta putzu handi bat sortu da. Udaltzainek San Telmo kaletik desbideratu behar izan dute trafikoa. Zerbaitegatik egon zen leku horretan mareaerrota bere garaian...Itsasgora 19:20 aldera izango da eta Ardantzabideko kalea moztu egingo dute, urak berriro gainezka egingo duelakoan. Estazioko auzoan ere urak gainezka egin du, Txepetxa parean, eta gauean su-hiltzaileak etorri behar izan dute ura ateratzea. Otezurin ere su-hiltzaileen laguntza behar izan dute, sotoan ura ateratzen ari zaielako. Horrez gain, kostaldeko errepidea moztu egin dute.

Urola gora, ibaiak gainezka egin du Torrontegiko erriberetan, goizaldean. "Etxe aurreko soroak hartu ditu, baina etxeraino ez da iritsi", azaldu digu Torrontegiko Rafael Manzisidorrek. Hala ere, arratsaldeko itsasgorarekin dute kezka. "Gainera, urtegiko ura ere askatu omen dute...".