Zumaiako txirrindulariak Gipuzkoako Pista Txapelketetan

Erredakzioa 2013ko urt. 12a, 11:48

Asteburuan jokatuko dira Gipuzkoako Txapelketak Donostiako Antonio Elorza Belodromoan, pistako denboraldiari amaiera emateko. Denboraldia ona izan da Zumaiako txirrindulari taldearentzat. Kadeteetan Viveros San Antongo bi txirrindulari ibili dira, Koldo Larrañaga eta Jon Agirre. Biek hobekuntza handia izan dute iaztik, batez ere goruntzako urrats handia Jon Agirrek eman du eta hori osasunak ez diola asko lagundu. Esan daiteke aurten finaletara sailkatzeko ez duela arazorik izan eta eroso ibili dela. Jubeniletan Gorka Etxabe eta Aitor Olaziregi izan dira ondoen moldatu direnak; Gorka Etxabek, junior mailako lehen urtean, bosgarren amaitu du saikapenean, eta Aitor Olaziregik bederatzigarren. Haritz Eizagirrek maila aldaketa gehiago nabaritu du eta Mikel Santxezek eta Ander Manterolak  ondo erantzun dute, lehen aldia izateko; hori bai nabarmentzekoa da talde lanerako zer jarrera erakutsi duten eta nola eman duten guztiak saio bakoitzean egokien kokaturik zegoen taldekidearen alde.

Aurtengo Gipuzkoa Sarian parte hartze handia izan da eta beste lurraldeetatik ere etorri dira txirrindulariak, askotan sailkapen probak gainditu behar izan direlarik finalak jokatu ahal izateko. Final horietan ohikoa izan da Gorka Etxabe, Aitor Olaziregi eta Haritz Eizagirreren presentzia; Mikel Santxez eta Ander Manterolarena ez hainbeste, baina berriz ere gogoratu nahi dugu, hauek debutariak direla mailan eta modalitatean, beraz nahikoa izan dute egokitzen eta lantegi horretan, bikain bat atera dutela esan daiteke.

Gorka Etxabek ederki aprobetxatu du bere abiadura, etekina atera dio esprinterako duen gaitasunari; Aitor Olaziregik berriz puntuaketa lasterketetan nabarmentzea lortu du; bera izango da Gipuzkoa sari honetan gehien erasotu duena, eta ihesaldi gehienetan sartu den txirrindularia. Maisutasuna erakutsiz puntuaketa lasterketak gobernatzen.

Asteburuan Gipuzkoako txapelketak jokatuko dira. Gaur, larunbata, bakarkako jazarpena jokatuko da eta bihar Keirin probak eta puntuaketak. Azken sailkapena proba guztietako emaitzak batu ondoren osatuko da. Gogotsu daude Viveros San Antongo Txirrindulariak eta ea lan ona egiteko modua duten, kontrako gorabeherarik gabe.

Emakumezkoetan, Eider Unanuek Hyundai taldearen koloreak defendatuz parte hartu du Gipuzkoa Sarian. Aurten junior maila estreinatu du, eta prestakuntzan atzeratuago dabil, egutegia luzea bait da, baina ikusi da jardunaldiz jardunaldi hobetzen ari dela eta Gipuzkoako Txapelketa hauetarako itxaropentsu dago. Hala ere emakumezkoetan zaila da, maila guztietako emakumeak batera leihatzen baitira, mailak kontutan hartu gabe.