Bideo lehiaketa antolatu du ZISKEk

Baleike 2013ko urt. 4a, 10:50

Zumaiako Surf Elkarteak bideo laburren lehiaketa antolatu du, surfa gai hartuta. Martxoaren 1ean egingo da bideo guztien emanaldia, Txismita tabernan antolatutako neguko festan, bideo onenentzat hainbat sari egongo direlarik. Lanak otsailaren 25era arte aurkez daitezke, Spot dendan."Gaur egun jende asko ibiltzen da surfeko irudiak grabatzen eta pentsatu dugu aukera ona dela lehiaketa bat antolatzeko", azaldu digu ideiaren bultzatzaile Roberto Fuentesek. Gaia surfa izanik ere, egileari askatasuna eman nahi diote imajinazioa landu dezan. "Bideo batzuk izan daitezke surflarienak olatuetan, baina ez dugu horretara mugatu nahi; surfa izan daiteke aitzakia istorio bat asmatzeko". Gehienez bost minutuko luzera izango dute bideoek eta DVD batean aurkeztu behar dira, egilearen izena eta lanaren izenburua jarrita. Otsailaren 25a izango da lanak aurkezteko azken eguna, Spot dendan. Lehiaketaren eguna, martxoaren 1ean. "Urtero egiten dugu Tximista tabernan neguko festa moduko bat. Bideoen emanaldia egin izan dugu eta hortik sortu da ideia: zergatik ez lehiaketa antolatu?". Lau sari aurreikusi dituzte antolatzaileek: epaimahaiarena, ikusleena, tubo onenari eta maniobra onenari.