Oier Larrañaga pilotaria, Gipuzkoako txapeldunorde

Baleike 2012ko abe. 31a, 10:24

Txapelketa bikaina osatu du Oier Larrañaga oikiarrak alebin mailan, finaleraino partida guztiak irabazita. Etxaniz bergararra –pilotari ohiaren semea– izan zuen aurkari herenegungo finalean, Adunan, eta hiru partida jokatu behar izan zituzten irabazlea erabakitzeko. Etxanizek lortu zuen titulua, baina goraipatzekoa da Larrañagak egin duen txapelketa.

Urrian hasi zen Gipuzkoako Federazioak antolatutako esku huskako txapelketa. Eskualdeka antolatutako ligaxkak jokatu zituzten lehenik, eta Oierrek multzoburu egin zuen aurrera. Final-zortzirenak, laurdenak eta finalaurrekoak gainditu eta herenegun jokatu zen final handiraino iristea lortu zuen oikiarrak. Zumaiako Kirol Elkarteko Jexux Iribarrek kontatu dizkigu partidaren nondik norakoak: "Oso partida polita jokatu zuten biek, zortzi tantotarako bi norgehiagoketatik bana irabazi zuen bakoitzak; lehenengoa 8 eta 2 Etxanizen alde eta bigarrena 8 eta 4 Larrañagaren alde. Ondoren berdinketa hautsi eta txapela nork jantziko zuen erabakitzeko hirugarren norgehiagoka lau tantora jokatu zuten eta Etxanizek irabazi zuen 4 eta 2. Bina berdinduta zeudenean bosgarren tantoa erabakigarria izan zen. Gogor eta luze jokatzen ari zirela, Larrañagak izan zuen aukera pilota txapa gainean jo eta ezker hormaren kontra botatzeko, baina ez zuen asmatu eta aukerako pilota utzi zion Etxanizi eta honek ez zuen alperrik galdu. Tantoa egin eta sakea berreskuratuz azkenengo tantoa egiteko ere".