Hau ez da bidea

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Zubimendi Zialtzeta 2015ko mai. 22a, 09:09

Politikazalea naizen arren, alderdikeriek urruntzen naute politikagintzatik.

Ahal dudanean, herriko kultur eta kirol taldeetan parte-hartzeko joera dut eta oso aberasgarri egiten zait bertako dinamiketan murgiltzea. Onura asko jaso izan dut eta, guztien artean, pentsakera ezberdineko jendea helburu amankomunaren alde lan-egiten ikusteak asetzen nau gehien.

Eskuzabaltasuna, elkarrenganako errespetua eta jarrera konstruktiboa izan daitezke lantalde zoragarri horien zutabe.
Pulpo, Astindu, Itsas Gain, Beheko Plaza abesbatza, Zumaiako, Aita Mari, Musika Banda, Inda Mendi, Natur taldea, Euskara taldeak... eta beste hainbat eta hainbat talde herrigintzan ari direnak zutabe horiei esker eusten dira.

Zumaiarentzat eta zumaiarrontzat lan-egiteko esparru garrantzitsuenean, Udaletxean, ez da giro hori bizi ordea. Alderdikeriek usteldu dituzte eskuzabaltasuna, elkarrenganako errespetua eta jarrera konstruktiboa.

Datorren maiatzak 24an izango den hauteskundearen kanpainan Zumaiako bi alderdi nagusiek, EH Bildu/EAJ, EAJ/EH Bildu, beren proposamenekin bideo aleak helarazi dizkigute. Asmatu duzue, ideia ona.

Baleikek antolaturiko debatea gustora ikusi nuen: bakoitza bereari eusten baina errespetuzko giro batean.

Baita ere Baleikek antolaturiko elkarrizketa digitaletan hautagai bakoitza azalpen lasaiagoak eta landuagoak ematen, ondo.

Ezin aipatu gabe utzi, Oierrek Beñat Lizeagari emandako erantzunak bereziki hunkitu ninduela. "Hori da bidea" pentsatu nuen.

Baina gaur, bideo zakar, gustu txarreko eta jarrera toxikoduna helarazi didate whatsappez.
Ez du inork sinatzen. Koldarkeria.
Ez da konstruktiboa, argi eta garbi min egiteko intentzioz egindakoa da.
"Hori ez da bidea" pentsatu dut.
Hemen duzue bideoa. Nahi duenak ikusi eta bakoitzak bere ondorioak atera ditzala:

http://youtu.be/Rb8jhE8B93I