Hilarion Eslavaren "Tu es Petrus" motetea

Erabiltzailearen aurpegia San Pedro Abesbatza Zumaia 2015ko eka. 25a, 08:51
San Pedroak hurbiltzen ari dira. Garai hau iristen denean artxibotik atera beharra dago urtean zehar abesten ditugun kantuen artean kuttunetako bat, Hilarion Eslavaren "Tu es Petrus" motetea hain zuzen.

Miguel Hilarion Eslava y Elizondo Burlatan jaio zen 1807. urtean. Txikitatik erakutsi zituen musikarako dohai bereziak. Iruñeko Katedralean abestu zuen tiple moduan eta ikasketak amaitu ondoren musikagile bezala aritu zen Burgo de Osma-n eta Sevillako katedralean. Azkenik Madrilgo Kontserbatorioko irakasle eta zuzendari izendatu zuten. Berak idatzitako musika sakroan operaren oihartzunak daudela esan ohi da eta arrazoi honengatik bere "Miserere"-a debekatua izan zen Sevillan. Hala ere elizako musika erreformatu zenean, XIX. mendearen amaieran, Eslava izan zen salbatu zuten autoreetako bat.

San Pedro eguneko abestia izanik garbi dago testua ere San Pedrorekin lotua egon behar dela. Bertan agertzen da elizaren burua izatea egokitu zitzaion unea: "Tu es Petrus, et super hanc petram aedificabo eclesiam meam" (Zu Pedro zara eta harri honen gainen eraikiko dut nire eliza). Organoko sarrera sinple baten ondoren hitz hauek agertzen zaizkigu, koruaren ahotsik grabeenetan, doinu serio eta eder baten bitartez. Modu berezian markatzen ditu, gainera, doinuaren aldaketei esker "Petrus", "petram" eta "eclesiam meam" hitzak. Esaldi amaitutakoan berriro entzungo dugu baina bigarren kasu honetan bost ahots ezberdinetara abestua.

Kontutan hartu behar dugu garai hartan gizonek eta emakumeek ezin zutela elizan batera kantatu. Garai hartan gaur egun emakumeek abesten dituzten parteak umeek abesten zituzten. Horregatik zenbait uneetan tenorrek umeek egiten zutena bikoizten dute. Adibidez hurrengo zatian, "et portae inferi non praevalebunt" hitzak agertzen direnean. "Infernuko indarrek ez zaituzte garaituko" hitzen aurrean Eslavak musika erritmikoagoa eskaintzen digu, batez ere "non praevalebunt" hitzetan. Aurrez ikusitako bi esaldi hauen gainean idatzita dago obra guztia, nahiz eta jatorrizko testua luzeagoa izan. Orain arte agertutako doinuak berriro agertuko zaizkigu, baina modu ezberdinetan jantsiak, adibidez melodia baxuetan koruak hizketaldi polifonikoekin jarraitzen duen bitartean. Obra amaitzeko estilo sakonera bueltatzen da "ez zaituzte garaituko" hitzak modu berezian markatuz.

Koruaren artxiboan badira beste "Tu es Petrus" moteteak, korua gizonez osatua zegoenean kantatzen zirenak adibidez. Guztien artean hau da iraun duena eta aurten ere San Pedro eguneko mezaren ofertorioan entzun ahal izango da.