Zumaiako garai bateko hotel eta ostatuetako apopiloak

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2017ko ots. 14a, 10:51

Azkenengo urteetan zehar Udal artxiboan egin ditudan bilaketen albo emaitzak bezala gordeta neuzkanak aztertzen hasi naiz eta, beste batzuen artean, 1924-1927 bitarteko Zumaiako hotel eta ostatuetako apopiloen buletinetako informazioarekin topo egin dut. Gero saiatu naiz informazio hori osatu eta aberasten, eta interneteri esker lortu dut kasu batzutan. Ondorengo argazkian ikus dezakegu urte haietako hoteletako bat. Hotel Central zuen izena eta Francisco Arrutirena zen orduan. Baina lehenagotik Hotel Beguiristain bezala zen ezaguna, Juan Beguiristainek sortua izan zelako 1913an.

Fernando Pacheco, Santoñako makinista, beste bi lagunekin batera Miguel Ibarraren ostatura etorri ziren, 1924ko abuztuaren 14an, sei egunerako.

Christopher Thackray Parsons, Londresko medikua, 1925eko maiatzaren 25ean iritsi zen Donostiatik Hotel Centralera, hurrengo egunean Azpeitiara joateko. Bombayen egona zen izurrite batean eta gero Fulham Hospitalean egin zuen lana erretirua hartu arte. Hainbat txosten egin zituen behartsuen lege laguntza eta erietxetako.

Ulpiano Fernandez, Luancokoa, 53 urteko industriaria, 1925eko ekainaren 17an etorri zen Isidora San Martinen ostatura.

Joaquin Rius Torres, artista, 39 urte zituen eta alarguna zen. Jatorriz Bartzelonakoa, Isidora San Martinen ostatura etorri zen, 1925eko uztailaren 13an, Castejondik eta Zumaiatik, kontratatzen zioten herrira joango zela zioen.

Pedro Martinez Artola, Hotel Centralera etorri zen 1925eko abuztuaren 1ean. Bide, Ubide eta Portuetako injinerua zen. Donostiarra jatorriz, baina Bilbon bizi zena.

Duero ibaiko presak izan ziren bere proiektu haundietakoak. Iberdrolako zuzendariorde eta Presa handien Europear Batzordeko lehendakaria ere izan zen.

Frank H. Myers, Cincinnatikoa, artista bezala inskribatu zen Hotel Centralean, bere emaztearekin batera, 1925eko abuztuaren 4an. Margolaria zen, Inpresionista estiloa landu zuen eta itsas paisaiengatik egin zen oso ezaguna. Cincinnatiko Arte Akademiako irakaslea izan zen. 1925ean ezkondu zen eta Europara egin zuen eztei-bidaian Parisera etorri omen zen eta, dakigunez,.Zumaiara ere bai.

Richardt Rada, Chicagokoa, artista baita ere, bere emaztearekin etorri zen Hotel Centralera, 1925eko abuztuaren 4an. Seguruenik, aurreko amerikarrekin batera etorri ziren.

Viodrt R. Barge, Londreskoa, unibertsitateko irakaslea, emakume lagun batekin etorri zen, 1925ko abuztuaren 6an sartu ziren Hotel Centralen.

Georg Weise, artearen historialari alemaniarra eta Tubingengo unibertsitateko katedraduna, 1925eko abuztuaren 12 etorri zen Zumaiara (buletinean ez da agertzen ostatuaren izenik). Ondorengo bi egunetan berekin batera zebiltzan ingeniari bat eta bi ikasle ere etorrii ziren. Denak Oriotik zetozen eta gero Azpeitira joatekoak ziren.

Georg Weise, altuera berdineko nabez osatutako elizetan, saloi-eliza motakoetan, zuen interes bereziak bultzatuta, etorri zen Estatu espainiarrera. Zumaiako parrokiko erretaulari hark ateratako hainbat argazki ikusiak ditugu.

Fernando Arteaga, Bartzelonakoa jatorriz, Oxfordgo unibertsitatean zegoen garai artan. Bere emaztearekin etorri zen (buletinean ez da agertzen ostatuaren izenik) 1925eko irailaren 2an. Oiñatitik zetorren, gero Oxfordera joateko asmoarekin. Filosofian eta Letretan lizentziatua, filólogo, itzultzaile, literato eta Oxford unibertsitateko Taylor erakundean espainiera irakasle titularra izan zen.

Abel Gonzalez, merkataria, Cabeza de Bejarkoa jatorriz, 55 urte zituen eta bere familiarekin etorri zen Isidora San Martinen ostatura, 1927ko abuztuaren 2an. Valladoliden bizi zen eta hara itzultzekoa zen.

Eustaquia Azpiroz Zudaire, Iruñeakoa jatorriz, 44 urte zituen. Handik etorri zen, 1927ko abuztuaren 13an, Fonda Iriondo ostatura eta hara itzuli zen hiru egun geroago.

Angeles Manzanedo, madrildarra, 26 urte zituen eta Madrildik etorri zen Hotel Urangara 1927ko abuztuaren 13an eta zazpi egun beranduago itzuli zen hara.

Secundino Ruiz, 29 urteko txoferra, Palentziakoa. Vda. de Aguinagalde ostatuara etorri zen 1927ko abuztuaren 10ean eta hurrengo egunean itzuli zen.

Benita Albarez, madrildarra, 40 urteko alarguna, Hotel Urangara etorri zen Madrildik, 1927ko abuztuaren 12an, eta zortzi egun geroago itzuli zen.

Eustasio Zarraoa Uriarte, katedratikoa, 67 urtekoa eta Bilbon bizi zen. Jatorriz Valladolidekoa. 1927ko abuztuaren 22an etorri zen Alameda ostatura. Bilbotik zetorren eta hara itzultzekoa zen. Madrileko “Escuela Especial de Pintura, Escultura y Grabado” ikastegian egin zituen ikasketak eta 1909. Bilboko institutoko katedraduna zen.  1882an, Bizkaiko lehenengo erakusta probintzialean  bere partehartzeak ohorezko aipamena merezi izan zuen Hasierako nacionalista zen eta 1896an Euskeldun Batzokijako hirugarren zuzendaritzako kidea zen.

Felix Mato Ruiz, Donostian bizi zen madrildarra, 29 urteko enplegatua, Venancio Iraundeguiren ostatura etorri zen 1927ko urriaren 27an eta Elgoibarra joatekoa zen.