ANGEL OSA “ZUMAIA”, pilotari zumaiarra

Erabiltzailearen aurpegia Pello Etxabe 2015ko mar. 18a, 23:54

Zumaiako puntisten aitzindarien artean jarri beharko dugu Angel Osa “Zumaia” pilotaria, Venancio Iraundeguirekin batera. Tamalez bizitza laburra izan zuen, 19 urterekin hil baizen Rio de Janeiron, 1891ko urrian.

 

Duela hilabete batzuk aipatzen nuen Baleikeren webgunean, Venancio Iraundegui, “Marinero de Zumaia” bezala ezagutzen zena pilotaren munduan eta agian lehen puntista zumaiarra izan zena, nola joan zen Argentinara 1888an beste hainbat euskal pilotariekin batera eta gerora Zumiara itzuli zela.

Oraingoan Zumaiako beste pilotari baten berri eman nahi nuke, Iraundegiren garai berekoa. Angel Osa zuen izena, eta zesta-puntan jokatzen zuen “Zumaia” goitizenarekin, gernikajaialai blogean diotenez.

1891ko ekainaren 21ean iritsi zen Rio de Janeirora, Oraneque vaporean, Rio de la Platatik, beste pilotari batzuekin batera, Fluminense frontoi berrian jokatzera.

Ez zuen denbora luzean jokatzerik izango. Urte hortako azaroaren 16ko alean, Donostiako “La Voz de Guipuzcoa” egunkarian, Zumaiako berriemaileak zioenez urriaren 17an Rio de Janeiron zendu zen Angel Osa “Kaldes”, pilotari zumaiarra. Angel, bere karrera egiten hasia omen zen lehen mailako pilotariekin batera, gaineratzen zuen.

Angel Osa Gomez ziren bere izen abizenak eta 1872ko martxoaren 2an bataiatua izan zen Zumaiako parrokian. Hamar anai-arrebatik zazpigarrena zen eta gurasoak, Antonio Jose Osa Manzisidor eta Josefa Vicenta Gomez Olaizola ziren. Egunkariko berriemaileak aipatzen zuenez “Kaldes”-tarra zen. Zumaian gaur egun bizi diren “Kaldes”-tarren aurrekoa seguruenik

Baten batek datu edo informazio gehiagorik balu Angel Osari buruz, eskertuko genuke jakinaraztea.