Asteburuan uda giroa eta hurrengo aste hasieran beroa

Erabiltzailearen aurpegia Joseba Egaña 2016ko uzt. 15a, 16:01

Pasa dugun astea benetan freskoa izan da eta gainera hodei ugarirekin eta euria ere momentu batzutan egin du. Hau guztia atzean lagako dugu gaurtik aurrera eta datozen bost egunetarako zerua urdin izango dugu eta eguzkia izango da jaun eta jabe.

Gainera, tenperatura goraka joango da egunak pasa ahala eta datorren aste hasieran benetako beroa izateko aukera dago. Oraindik, ziurgabetasuna handia da, baina bero egingo duela garbi dago. Zehazteko dagoena da beroa kizkaltzeko modukoa izango den edo bero normalagoa. Guztia faktore garrantzitsu baten arabera, ahalegia, brisak sartzea lortzen duen ala ez. Honek kostaldean eragin oso handia dauka. Itsasoko tenperatura 21 ºC inguruan dago eta brisa dabilen egun batean 25 ºC-tik igotzea zaila izaten da, alderantziz hego haizea uda garaian garaile bada 35 ºC-ak harrapatu daitezke eta hortik gora ere bai.

Asteburuan uda beteko giroa izango dugu argi eta garbi. Zerua oskarbi bai larunbatean eta baita ere igandean eta tenperatura goraka. Larunbatean maximoa 24 ºC inguruan geratuko da eta brisa ederki sartuko da, giro sanoa eraginez. Igandean beste koska bat goraka, maximoa 28 ºC inguruan geratuko da, brisa beranduago sartuko baita. Dena den, igandean ere giro atsegina, beroa baina normala.

Astelehenean eta asteartean ere giro eguzkitsuarekin jarraituko dugu eta beroa areagotu egingo da. Astelehenean hego haizea ibiliko da goizean eta ematen du brisa arratsaldean sartu daitekeela, baina indar gutxirekin. Gauzak horrela, maximoa 33 ºC inguruan geratu daiteke, baina ziurgabetasuna handia da, zeren eta brisa lehenago sartzen bada 30 ºC inguruan geratuko litzateke, baina ez badu sartzea lortzen (eta hau ez dago batere garbi), maximoa 35 ºC-tik gora joango da. Oraintxe bertako datuekin 33 ºC inguruan geratuko litzateke. Asteartean ere antzera izan daiteke, ematen du hego haizea ibiliko dala goizean eta berriro ere 33 ºC-ko maximoa izan dezakegu. Gero arratsalderako ipar-mendebala sartzeko aukera dago eta honekin tenperatura ederki jaitsiko litzateke. Dena den egun honetarako ziurgabetasuna handia da. Hortik aurrera tenperaturaren beherakada etorriko da eta baita ere hodeiak eta euri pixka bat ere bai, baina hori guztia asteazkenetik aurrera.

Beraz, asteburua benetan dotorea, udako giroa. Zerua urdin eta giro sanoa. Bero puntu bat igandean. Datorren asteko hasieran berriz, eguzkiarekin jarraituko dugu, baina beroa hizpide izan daiteke. Kasurik okerrenean 35 ºC-ak gainditzeko aukera dago. Ikusiko dugu zenbatean geratzen den, baina beroa izango dugula garbi dago.