Zumaiako horma bat

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017ko api. 27a, 11:47

Debagoieneko Puntua aldizkarirako Xabier Letona kazetariak Zumaiako zentsuraren harira orain aste batzuk idatzitako artikulua.

Askatasunaren horma, subertsioarena, adierazpen askearena, sumin-artearena...  Nola deitu beharko genuke herritarrek hamar hilabetez Zumaian 28 aldiz margotu duten pareta?

Kalea Guztiona Da ekimenekoek margotu eta Udalak hurrengo egunerako ezabatu; hala, behin eta berriro. Debekatua dago herriko hormak margotzea, Udalaren baimenik ez bada. Baimena margotzeko, baimena pankartak jartzeko, kartelak Udalak erabakitako lekuan bakarrik...

Mozal Legea ekarri dit burura; poliziari argazkia atera ahal zaio, bere baimenarekin bakarrik: "barka, polizia jauna, atera dezaket argazkia herritar hori astintzen duzun bitartean?".

Erraustegi bat egin nahi dute herritarrak kontsultatu gabe, EAEko gazteen langabezia tasa %40koa zen 2016aren amaieran, neoliberalismoak lan eskubideak irentsi ditu eta ongizate gizartea hondoratu, Garoña irekitzear, matxismoaren hilketak, ustelkeria... eta batzuen kezka handienetakoa da paretak bakarrik margotu daitezkeela haien baimenarekin?

Tira, ez galdu esperantza, lagunak, beti geratuko zaigu Paris; bai, 68ko maiatzeko Paris hura, haiek bai egunak!