Korrika ere Zumaiako alkatearen debekuen jo-puntu

Erabiltzailearen aurpegia Kalea Guztiona Da 2017ko mar. 15a, 17:18

AEK-k Udalari baimena eskatu badio ere, Korrika Zumaiatik pasa baino 5 egun lehenago BAKARRIK jarri ahalko dituzte kalean pankartak-eta; alkateak, bere buruarekin batzartu ostean, hala agindu duelako.

Debekuak debeku, Korrika arrakastatsua izan dadin, AEK-k zumaiarrei laguntza eskatu die. Korrikaren aldeko ikurrak balkoietan jartzeko gonbitea luzatu dute. Erantzuna ederra izan da eta ordu gutxiren bueltan ehundik gora banderola banatu dituzte.

Orain urtebete inorekin konpartitu gabe ezarri zituzten debekuen hamaikagarren ondorioa da. Korrikarekin egindakoa da herriko gainerako eragile eta herritarrei datorkigunaren beste froga bat. Eta kasu! Euskal Herrian dagoen ekimen parte-hartzaile eta maiteenetakoa den Korrikari horrelako debekuak ezarri badizkiote, zer ez ote duten egingo bestelako ekitaldi, ekimen edo aldarrikapenen aurrean.

Agintea eta kontrola helburu
Zeren arabera ematen dira baimenak? Interes oso zehatzak (eta zilegiak, noski) dituen politikari batek erabaki behar al du zertaz informatu daitekeen eta zertaz ez? Non bozkatu da hori? Zumaiako alkateak arteaz, komunikazioaz eta adierazpen askatasunaz asko dakiela, beste inor baino gehiago, antza.

Dirua dutenek kalea nahieran erabiltzen dute, horientzat ez dago debekurik. Esnatzen garenetik lokartzen garenera arte nonahi noiznahi jasotzen dugu publizitatea. Baina ekimen herrikoiek kalea dute bozgorailu bakarra. Besterik ez. Eta orain hori ere kontrolatu nahi dute.

Hauteskundeetan bigarren alderdiak baino boz bat gehiago lortzea ezin da argudio bakarra izan irabazlearen gustu eta nahiaren arabera kalea antolatzeko. Nahikoa da politika publikoa enpresen antzera kudeatzeaz, non lau katuk erabakitzen duten milaka laguni eragiten diona. Herritarren parte hartzeak ez luke hauteskundeetako slogan huts bat izan beharko.

Zumaian inorekin hitz egin eta inori entzun gabe inposatu dituzten debekuek kontrako norabidera garamatzate, herritarrak ikusle hutsa bilakatu nahi gaituzte, hilero dirutza publikoa jasotzen duten politikarien eremu pribatu bilaka dadin politika.