Eztarrian kateatuta

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko api. 15a, 10:47

Orain egun batzuk telefono dei bat jaso nuen. Inkesta baterako zen. Ohiko galderen artean ustekabeko bat erori zen. Erantzunik gabe geratu nintzen. 

Komertzialak pikutara bidaltzen ditudan bezala, inkestatzaileei beti erantzuten diet. Gaztetan inkestatzailea izan nintzen denbora epe labur batean eta badakit zer nolako lanbide jasangaitza den. Etxera etortzen direnean edo telefonoz deitzen dutenean beti gauza bera galdetzen diet: “luzea izango al da?”, lanean nagoelako/bazkaria prestatzen nagoelako/pelikula bat ikusten ari naizelako/etab. Bost minutu izan behar duena askotan hamarrera luzatzen da, baina, berdin dio, beti erantzuten diet.

Hauteskunde bezperan beti izaten dira deika:

- Zer alderdiri eman zenion botoa azken hauteskundeetan?

- Zuri esango dizut ba!

Absurdotik hurbil dauden inkestak ere gogoratzen ditut:

- Donostiara joaten al zara erosketak egitera?

- Ba, noizean behin.

- Eta zer erostera joaten zara?

- Generalean diskoak eta.

- Eta nora joaten zara?

- Hona eta hona.

- Garberara joaten al zara?

- Ba ez, hiritik  kanpo dago, hara joateko kotxea behar da eta nik ez dut kotxerik.

- Gune komertzialetara joaten al zara?

- Gutxitan, baina bai, hona.

- Eta Garberara?

- Esto, esan dizut ez naizela joaten honengatik eta honengatik.

- Eguneroko produktuak erostera joaten al zara hirira?

- Ez, horiek herrian erosten ditut.

- Arropak eta halakoak?

- Ba, oso gutxitan, baina noizean behin bai.

- Eta Garberara joaten al zara halakoak erostera?

- ... Beitu, errazagoa eta azkarragoa izango da Garbera agertzen den galderak utziko bazenitu.

- Beno, ba hauxe zen guztia. Eskerrik asko zure erantzunengatik. 

Azken inkesta (telefonikoa) pasa den astean egin zidaten. Egoera politiko/ekonomikoari buruzkoa omen zen eta nahiz eta saltsa horietan sartzeko gogorik ez izan, beti bezala, baiezkoa eman nion. Egindako galderen arabera (“Zuk uste duzu Aldundiak...”), garbi zegoen Diputazioak enkargatutako galdetegia zela. Galdera erdietan zer erantzun ere ez nekien, gai horietan inoiz pentsatu ez dudalako. Baina, hala ere, tertuliano onenek bezala, erantzuten saiatu nintzen. Azkenengoetan, ordea, ez nekiela erantzun nion zuzenean, gai zehatz horiei buruz inoiz ez nuelako ezer irakurri, entzun edo ikusi edo, garbi esanda, inporta ez zitzaidalako.

Galdetegiaren azken txanpa, ordea, espero ez nuen bidezidorretan sartu zen.

- Zerbaiten beldur ba al zara?

- Ba... Lana galtzearena, adibidez.

- Lana galduko duzula uste duzu?

- Espero ezetz!

Eta gero bonba jaurtiki zuen:

- Zoriontsua zarela uste al duzu?

- Emmm... esto... jode, a zer galdera. Bueno, egunaren arabera eta eguneko orduen arabera, batzuetan besteetan baino gehiago.

- Baina, orokorrean, zoriontsua zarela uste al duzu?

- Baaaaa...

Aldundiak zoriontsuak garen jakin nahi al du? Herritarron estadu animikoa inporta ote zaio orain? Hortxe geratu zitzaidan galdera kateatuta, arrain-hezurrak eztarrian geratzen diren bezala.

 

(Ke portzierto, errauskailuaren inguruko galdera bat bera ere ez zuten egin... badaezpada ere.