Ihes egitea, amildegira jauzi egitea da

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mar. 11a, 10:34

1937an kanporatuak izan ziren zumaiarrak izan genituen gogoan orain hilabete, gertakari haren 80. urteurrenean. Erbesterako bidaia hura, gaur egun, munduko hainbat errefuxiatuek bizi duten tragediarekin alderatu zen une hartan. Paralelismo bera egiten du Javier de Isusik Asylum komikian. 

Komikilari bilbotar honek erbestearen kronika egin du bere azken lanean. Abiapuntua Gerra Zibileko garaian jaioterria utzi eta erbestera joan behar izan zuen emakume bat da. Lehenbizi, gudaroste frankistak Irunetik Gipuzkoan sartu zirenean, Iparraldera joan behar izan zuen eta handik Kataluniara, Frantziako hegoaldeko kontzentrazio zelai batera eta, ondoren, Venezuelara. Emakume honen bizitzaren narrazioan, Uganda, Nigeria, Kongo eta Mexikotik ihes egin behar izan zuten lau pertsonaien testigantzak tartekatu ditu egileak. Hauek ere, indarkeria kasuak medio (homosexualitatea heriotzarekin ordaintzen den leku batean jaiotzeagatik edo prostituzio sare batek bahitua izateagatik, besteak beste), erbestean amaitu dute. Etxebizitza batek lotzen ditu iragana eta oraina.

Memoria historikoa hainbeste aipatzen den unean, hori da de Isusik mahai gainean jarri duena, salaketa ahaztu gabe. Gainera, liburua solidarioa da. Salmentatik lortutako irabaziak CEAR-Euskadiri emango zaizkio, errefuxiatuen eskubideen aldeko borrokan 25 urtetik gora daraman GKEari. 

Astiberrik atera du liburua eta, komikilari honen aurreko Baleak ikusi ditutekin bezala, euskarazko bertsioa ere atera du.