… eta beste hamar (gutxienez)

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 16a, 14:22

Disko bat erosten dudanean azala, kontrazala, ertzak, kanten egileak, ekoizlea, kolaboratzaileak, hori dena ikuskatzen dituenetakoa naiz. Eta gustukoa badut talde horren beste diskoak begiratzen/erosten hasten naiz. Hori da bildumazaleon madarikazioa.

Begiratzen dudan beste zerbait disko hori argitaratu duen diskoetxea da. Interesgarria bada, diskoetxe horren katalogoa ikusmiratzen dut, akaso altxorren bat aurkituko dudanaren esperantzarekin. Disko batzuk erosi izan ditut taldea ezagutu edota abesti bat bera entzun gabe; nahikoa zen jakitea diskoetxe jakin batek argitaratu zuela disko hori(Grunge-aren garaian subpop etxeak ateratzen zituenean, adibidez). Iaz ateak itxi zituen Donostiako Moonpalace recordsen kasuan, itsu-itsuan erosi izan ditut, diskoetxe nimiño eta pertsonal honek bere diskurtsoa azken muturreraino eramaten zuelako. Batzuetan emaitza (diskoa) sekulakoa zen (House of Wolves-enak, adibidez), beste batzuetan aspergarria, baina ez zuen entzulea engainatzen. Hala zen.

Aurten hamargarren urteurrena betetzen duen Bidehuts diskoetxearekin antzerakoa gertatzen zait. Independentziaren adibide nabarmenetakoa (Mondosonorok erreportajea egin du urteurren honen inguruan), Lisabö, Anari, Joseba Irazoki, Audience edo Xabier Montoiaren diskoak atera dituen diskoetxea da.

Lehengusu Jon Mantxiri esker ezagutu nuen Bidehuts: diskoetxe honen izenean atera zuen Gora Japonen lehen diskoa. Hemen inguruan halako mugimendurik zegoela ideiarik ere ez nuen. Anari ezagutzen nuen, Lisabören disko bat ere banuen (eta ez zitzaidan batere gustatzen), baina besteak ia ezezagunak nituen. Beti emozio bila kanpora begira, hori da gure paraderua.

Mikel Laboaren bertsioekin osatutako Txinaurriak izan zen bilatze honetako Rosettako harria. Willis Drummonden Gaztetasuna eta zahartasuna zoragarri batekin hasita (hamar aldiz entzun dezaket jarraian, ez nau aspertzen), bidaia batean eramaten gaitu azken edo azken aurreko euskal rockean zehar: Atom Rhumba, Inoren Ero Ni, Berri Txarrak, etab. Ah, eta Gure bazterrak zoragarri bat Ruperrek abestuta.

Hamargarren urteurrena festa batekin ospatuko dute Donostiako Le Bukowskin (gonbidapenak ordu gutxian agortu ziren). Hamar urte, 39 erreferentzia (38 disko eta liburu bat). Espero dezagun, gutxienez beste hamar urte egitea.