Amildegitik datozen hitzak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ots. 7a, 21:05

Ikaragarri gustatzen zait irakurtzea. Txikitatik gustatu izan zait. Egunkariak, aldizkariak, nobelak, komikiak, historiako liburuak… ia dena poesia eta autolaguntzako liburuak izan ezik. Baina liburuetan bada ia inoiz irakurtzen ez dudan zerbait: eskaintza orriak eta hasieran jartzen dituzten aipamenak. 

Liburu bat zabaldu eta Mongoliako poeta baten aipamena edo ia ahaztutako filosofo poloniar baten hitzak aurkitzen ditudanean nire alderdi zinikoa martxan jartzen zait: “bai, seguru poeta horren hitzetaz akordatu zarela. Esan ezazu egia: aipamenen bilduma bat jaitsi duzu Googleetik eta intelektualarena egin nahian Burkina Fasoko idazle horren esaldia aukeratu duzu, Albert Riverak goizean goiz deskafeinatu ahul bat hartu eta gero egiten duen bezala”. Liburu baten tramaren erdian abesti baten zati bat, poema bat edo aipamen antzerako bat agertzen denean ere salto egiten dut; zuzenean prosako hurrengo zatira pasatzen naiz. Agian kontatzen duenaren zati garrantzitsu bat galduko dut, baina ezinezkoa egiten zait.

(Pentsatzen jarrita, egunen batean liburu bat idatziko banu -ez dela gertatuko-, badakit zer aipamen jarriko nukeen, gogoratzen dudan bakarra: “Que va, que va, que va, yo leo a Kierkegaard”. Gazteak zareteneoi: Googleen duzue erantzuna). 

Eskerrak emateko mezuekin edo eskaintzekin ere berdin gertatzen zait. Ez liburuetan, ez komikietan, ez diskoetan eta are gutxiago pelikuletan (amaierako tituluetan agertzen da eta ea zein den kapaza hori guztia irakurtzeko), ez ditut mezu horiek irakurtzen. Senar-emazteari dedikatzen diot, seme-alabei, familiari, ondo, ondo, nahikoa da, azukrea igoko zait eta. 

Baina, inoiz ez da inoiz esan behar, hala dio, behintzat, James Bondek, eta noizean behin eskerrak emateko mezu bat irakurri eta eguna agian ez, baina minutu batzuk, behintzat, pozten dizkizu.

Marcos Prior eta David Rubínen Gran Hotel Abismo komikiarekin gertatu zait. Komikia etorkizun hurbil batean kokatzen da. Edo, agian, ez hain urrutikoan. Gobernu totalitario bat, protestak eta erreboltak kaleetan, tertulia politiko txepelak telebistetan, komentario are eta txepelagoak sare sozialetan, enpresarien gomendio iraingarriak, matxinadak, etab. Ez zaigu hain arrotza egiten, ezta? Trump, Fernandez Diaz... Komikia ederra da, marrazki eta kolore indartsuekin kontatutakoa. Istorio bat baino, nazkatuta dagoen gizarte baten isla bat bezala ikusten dut. 

Azken orrietan, estren atalean, komikia nola egin dute kontatzen dute egileek. Orokorrean atal hauek ere ez ditut irakurtzen edo oso azaletik pasatzen ditut orriak. Baina denbora nuelako edo, esan dezagun egia, benetan interesgarria zelako, osoa irakurri nuen. Eta orriak pasata, eskaintzen orrietara heldu nintzen. Eta han zegoen azken aldian irakurri dudan eskaintza ederrena; David Rubín komikilari galiziarraren diatriba, beste galiziar bati zuzendutakoa (gaztelania mantendu dut, nire itzulpen traketsean indarra galduko lukelako):

“A Mariano Rajoy Brey y a todos los de su calaña, por alimentar mi odio, con el que he cincelado cada página de este libro, que aguardo perdure por más años que él y toda su estirpe de sucios y apestosos ladrones de misa de domingo.

Con la esperanza de que algún día ardáis en el mismo fuego que habéis prendido, de que el pueblo despierte y cambien, del modo más doloroso posible para ti y los tuyos, las tornas.

Y mientras ese día no llegue, seguiremos luchando por la verdadera LIBERTAD, esa que tú y los tuyos no sois capaces siquiera de imaginar”.

Behin bakarrik ez, birritan irakurri nituen hitz hauek eta, bai, poztu nintzen norbaitek hori idazteko balentria edukitzea. Gustura idatziko nituzke antzerako hitzak, nahiz eta jakin ez dutela ezertarako balio.