baleike.eus

David vs Goliat: noren alde egin du ETBk?

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016-11-05 12:00   Kultura

Aste honetan ikusitakoaren arabera, David vs. Goliat borrokan garbi geratu da beste behin ere noren alde jartzen den gure telebista publikoa.

Astearte honetan Ocho apellidos vascos pelikula eman zuen gaztelerazko katean, ETB-2n. Zine aretoetan errekor guztiak hautsi dituen pelikula, aurrez Telecincok, pelikula honen atzean dagoen ekoizpen etxe erraldoiak, bitan behintzat eman duena, beti ere audientzia itzelekin. Beraz, hau sinatzen duenaz aparte, ez dakit inor geratzen zen Karra Elejalderen ‘aibalaostiak’ ikusteko.

Hala ere, sekulako promozio lana egin du Euskal Telebistak. Dezente aste lehenagotik hasi zen pelikularen emisioa iragartzen eta egunean bertan programa berezia ere eskaini zuen, Teleberriren aurretik. Han ikusi genituen, berriro ere, Sanjuaniturriko irudiak, pelikularako lan egin zutenen iritziak eta kontakizunak, etab. Hasiera batean banuen pelikula hau behingoz ikusteko asmoa, baina “¿para ir a la ermita?” eta “¿dónde está la fuente?” galderak erantzuteaz nazkatuta dagoenetakoa izanda, azkenean, nagikeriak jota edo beste plan hobeagoa aurkitu nuelako, paso egin nuen. Abstentzio honek ez zuen eragin handirik izan: 331.000 ikusle izan zituen pelikulak eta gau horretako % 19,9ko sharea.

Aste honetan bertan, ostegunean, ETB-2n hau ere, Jai Alai Blues dokumentala eman zen, hau, baina, inongo promoziorik egin gabe. Euskal Herritik Ameriketara joandako pilotarien bizipenak eta historia jasotzen dituen ikus-entzunezkoa da, bertako ekoizpen etxe txiki batek egindakoa (Berde produkzioak), Donostiako Zinemaldian aurkeztu zena eta, estreinaldiaren aurretik, Zumaian bertan ikusi ahal izan genuena. Zinetan egon zen garaian ere kritika oso onak jaso zituen. Hala ere, gure telebista publikoak prime timetik kanpo eman zuen: 23:42etan hasi zen pelikula. Urtzi Urkizuren txio baten bidez jakin nuen hau hurrengo egunean, emanaldia hasi zenerako lo seko geratzeko bidean nengoelako. Iragarki eta guzti goizeko ordu biak arte luzatu omen zen saioa.% 3,8ko audientzia izan zuen. 

Eta pentsatzen jartzen zara: zein da telebista publiko baten zeregina? Erraldoiaren produktuari oraindik ere bultzada handiagoa ematea? Edo bertako etxe txikiaren lanari, are gehiago gure historiaren pasarte bat kontatzen duenean, ate guztiak zabaltzea? Agian inozo samarra naiz.

Erantzunak

Sefe 2016-11-05 15:30 Erantzuna | #1

Arrazoi guztia Juan!!!
Euskal telebista erraldoien interesetara dago geroz eta gehiago! Lasa eta zabala pelikula bota zutenean ere 11k aldera hasi eta 1tan baino beranduago bukatu zen!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa