Geldi errotatibak!

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 31a, 10:53

Igande goiza. Ordua aldatu bada ere, lo gutxi eginda. Kafea prestatu, egunkaria hartu (bai, DV da, anatema!), sofan bota, kulturako orrietara joan eta, zas!, Peter Welterri egindako elkarrizketa aurrez aurre.

Gizon hau Game of Thrones telesailaren ekoizleetako bat da eta espainiar estatuan egiten diren errodajeetako arduradunetako bat. Josu Waliñok eta Gorka Zabaletak eman dute bere iritzia pasa den astean Zumaiako grabazioan izandako zirko mediatikoaren inguruan. Horren harira hitz egiten du Welterrek: “Ez dut ulertzen zer irabazten duen inork hau bezalako telesail baten errodajea ia zuzenean ematen. Norbaitek pentsatzen badu fabore bat egiten digutela Jon Snowren argazki bat Twitterren zintzilikatzen, oker dago”. 

Bere esanetan, Zumaian grabatu behar ziren eszena batzuk azkenean Ipar Irlandan grabatuko dira “historiaren trama gordetzeko”. Hedabideak bakarrik ez, sare sozialak ere kritikatzen ditu Welterrek telesailaren informazioa filtratzeagatik. “Game of Throneseko arduradunak zazpi urte doaz munduko zenbait herrialdetan grabatzen eta diote Espainian bezainbateko presio mediatikorik inon ez dutela jasan. Giro honetan mugitzen direnek diote agian Espainia ez dela leku egokia grabatzera joateko. Autokritika egin behar dugu”. 

Eta elkarrizketa hau aurreko egunetan ‘lapurtutako’ bi argazkirekin janzten du egunkari honek. Aste osoan zehar eman du DVk grabazioaren inguruko ‘informazioa’ eta lau egunetan jarraian azalera eraman du. Behin eta berriro argitaratu ditu, bai paperean, baita Inteneten, ustez sekretupean egin behar zen errodajeko argazkiak. Zirko mediatiko honen partaide nagusienetakoa izan den hedabide honetan elkarrizketa hau argitaratzea zinismoz betea dagoela iruditzen zait, autokritikarik ez baita sumatzen inon. Ekoizpen etxeak berriro hona etortzen ez badira, batere harritu ez horren inguruko erreportaje zabal bat argitaratzen badu. Eta orduan, nori botako dizkio kulpak? Autokritikarik egingo ote du?

Gaur bertan temati jarraitzen du, “Los heroes se van de fiesta” izenburua duen beste artikulu batekin. Behin errodajea amaituta hiru aktore Barakaldon egindako BIME jaialdian egon omen ziren The Chemical Brothers kontzertua entzuten. “Geldi errotatiba! Esklusiba dugu eta!” entzungo zen Correo/DVko erredakzioetan. Informazioaren ordez xaguen klikek agintzen dutenean, halakoak dute garrantzia.

Noski, zirko honen beste partaide handi bat gure telebista publikoa izan da, bere ‘esklusiba’ orgasmikoekin. Pentagonoko paperak? Watergate? Wikileaks? GALeko X jauna nor den? Keba, Daenerysek Itzurungo uretan oinak buzti dituen du garrantzia gute telebista publikoarentzat. Pulitzer saria hurbil duelakoan nago…

Post-data: Inork ezer esan aurretik: Bai, egunkari honetarako egin dut lan 15 urte luzez eta, bai, gremio honetan mugitzen garen askok bezala, mota honetako artikuluak idatzi behar izan ditut noizean behin, nahi baino gehiagotan. Baina denbora honetan Zumaian grabatutako errodaje batzuetan izan naiz eta beti, BETI, eskatu dut baimena grabazioko argazkiak ateratzeko eta han gertatzen dena kontatzeko. Eta ezezkoa esaten dutenean, kamera eta koadernoa hartu eta etxera bueltatzen zara.