Irakeko mende erdiko historia, familiako pasadizoen bitartez

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 24a, 14:55

2014. urtean estatu islamikoak Irakeko Mosul hiria hartu zuen. Bi urte geroago, hiri hori berreskuratzeko borrokak ditugu azken egunotan hedabideetan. Hain zuzen ere, Mosul hirian jaio zen Brigitte Findakly, Lewis Trondheim senarrarekin batera 'Las amapolas de Irak' (Astiberri, 2016) izeneko komikia argitaratu duena. Azken mende erdian Iraken izandako aldaketen berri ematen du komiki eder honek.

Ez da, baina, historia liburu mardul bat; Findaklyren eta bere familiaren bizipenetan oinarritzen da Iraken azken 55 urteotako historia kontatzeko. Bere aita Irakeko ejertzitoan lan egin zuen dentista da; ama, aldiz, emakume frantziarra. Biak kristauak dira, ez praktikanteak, eta bi seme-alaba izan dituzte; Brigitte da gazteena.

Estatu kolpe baten bitartez erregetza kendu zutenetik (baita erregea eta haren ingurukoak exekutatu ere), Daeshek Mosul eta beste hiri batzuk hartu zituen arteko historia kontatzen ditu, beti ere familiarteko pasadizoekin lotuta, eta era atsegin batean: bitan bataiatu behar izana (lehenbizi apaiz ortodoxoak, gero katolikoak), kristaua izanda ere Korana ikastera setatu zenekoa, bere gurasoek frantziarrez hitz egiten zutelako izaten zituzten zentsurak, eskolako pasarteak, Irakeko musulmandarren ezkontzak, eta abar luze bat.

Urtetik urtera, estatu kolpez estatu kolpe, Irakeko egoerak okerrera egin zuela kontatzen du eta horrek ibere familian eragin zuzena izan zuela, bereziki bere aitaren lanbidean. Hala, 1970. hamarkadan Frantziara joatea erabaki zuen familiak. Bere aitak Frantzian lana aurkitzeko eta Brigitte berak hizkuntza sistemarekin izandako buruhausteen berri ere ematen du. Azken hamarkadetan Frantzian bizi izan da, baina Irakeko familiarekin duen harremana ez du hautsi eta azken urteotan egindako bidaia baten ondoren, gaur egun, Golkoko bi gerren eta azken hamarkadako gerra zibilaren ondoren, estatu horretan bizi duten egoeraren erretratu iluna egiten du.

Garbi dago, baina, ez duela istorio pesimista bat bilakatzea nahi, ez du bere jaioterriaren erretratu ankerra egin nahi; ezin du eta ez du ezkutatu nahi garai hartako Iraki dioen maitasuna. Horren erakusgarri dira tartean sartzen dituen 'Oroitzapen onen' orriak. Horietako batekin amaitzen du, gainera, liburua.

Komiki hau irakurtzen hasita, Persepolis famatua etortzen da burura. Marjane Satrapiren komiki hark Jomeiniren Iranen izandako bizitzaren berri ematen du eta, zentzu horretan, badu paralelismoa. Hala ere, bere tarte propioa ere baduela esango nuke. Horretan asko laguntzen dute Findakly berak koloreztutako Lewis Trondheim marrazki politek eta koloretsuek.