Nerbioia eta ez Insalus

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 19a, 10:00
Suediako gardentasun legeak 250 urte bete ditu aurten. Hemengo gardentasuna eta hangoa parekatzea orain 30 urte Nerbioi ibaiak Bilbo parean zeraman ura eta Insalusen fabrikatik atera berria den ur botila bat alderatzea bezala izango litzatekelakoan nago.

Suediako edozein herritarrek funtzionario publiko baten posta elektroniko ofiziala edo laneko mugikorraren edukia erakusteko eskatzen badu, honek berehala baiezko batekin erantzun behar dio. Idazkari bat, diplomatiko bat edo lehen ministroa izan, egiten ari dena berehala utzi eta eskaerari erantzun behar dio. Hala berretsi zuen Suediako Auzitegi Gorenak: ez dago “inongo arrazoirik” erantzuna atzeratzeko. Suediarren barneratuta dute gardentasun behar hori.

Esan bezala, lege hau XVIII. mendekoa da eta beharretara eta gizarteak bizi izan dituen aldaketetara moldatu da. Estokolmotik 2.500 kilometro hego-mendebaldera eginda, Zumaian, oso urrun gaude suediarrentzako normala den parametro horietatik. Nahiz eta horretarako propio sortutako atala izan Udal web gunean, sare sozialetako kontu pribatuetatik saihesten diren ustezko konfidentzialtasun akordioak daudenean (arrazoizko sekretismoa batzutan, inolakoa ez bestetan), gehiago bihurtzen du ur hau marroi koloreko Nerbioi Insalus gardena baino.