Ulergaitza

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016ko urr. 7a, 12:12

Ez dut gezurrik esango: Itzurungo horma hori han zegoenik ere ez nintzen akordatzen. Algorrin ikasi nuen igeri egiten eta han ibili izan naiz. Itzurunen behin edo beste egingo nuen igeri eta Santiagon beste hainbeste. Plaieroak bertan behera geratu zirenetik, ia ez naiz jaitsi ere egin hondarretara. Hori hala da.

Petril horrek funtziorik zuen edo ez, horretan ez naiz sartuko, baina nabari da kendu izanak mina eta haserrea eragin duela. Izango da, noski, politikoki probetxua atera nahi duena ere. Ez gara atzo jaiotakoak. Atzotik asko idatzi da horren inguruan eta gehiengo handi batekin ados nago. Baina, erabat ulergaitza egiten zaidana Zumaiako Udalaren jarrera da. WhatsApp, Facebook eta Twitter bidez horma horren eraistearen berri zabaltzen hasi zenean, eta hala galdetuta, Udalaren jarrera arazoa saihestea izan zen. “Costasen kontua da”. Adios, muy buenas. Balones fuera. Eskerrik asko galdetzeagatik. Atea badakizu non dagoen. 

Komunikazio saileko langile bati esker lortu genuen atzo argitaratutako informazioa, Udalak ez baitzuen beste ezer adierazteko asmorik: Costaseko eta Diputazioko teknikarien oniritzia zutela horma kentzeko, harri horiek ez zutela funtzio jakinik, Costasek bazuela aurretik petrila kentzeko asmoa, etab. Hori ziurtatzen duen Costasen dokumentua ere eskatu zitzaien jarraian eta eskaera bideratuko zutela izan zen erantzuna.  

Udaleko sail batzuetatik informazioa lortzeko forzepsak behar direnaren inpresioa daukat, eta atzo gertatutakoa horren beste adibide bat da. Argazki, telebista, erreportaje edo dena delakoan Zumaia, Itzurun, labarrak edo harraldea zer polita den adierazteko, ez dago inongo arazorik, are gehiago, erraztasunak emango dira. Hori bai, arazoren bat dagoenean, ez hona begiratu, ez da gure eskumena. “Costasen kontua da”. 

Justu egun horretan bertan ZIIZ taldekoek prentsaurrekoa eman zuten. Martxoan egindako eskakizunei ez omen diete erantzun Udaletik, ez idatziz, ez inolako moduan ere. Ulergaitza hau ere.