baleike.eus

Komikiak euskaraz ere irakurri daitezkelako

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2016-09-15 08:00   Kultura

Eta ez, ez naiz ari ia denon haurtzaroak poztu dizkigun Asterixen abenturei buruz, ezta Patxi Gallegoren lanez ere, bikainak denak (Black is beltzari buruz nahiago ez ezer esan). Helduentzako istorioak ere landu daitezke komikietan eta horietako batzuk euskaraz argitaratu ditu Astiberri argitaletxeak.

Komikiak euskaraz ere irakurri daitezkelako
'Etxea' komikiko orrialde bat. | Ikusi handiago | Argazki originala

Txapela kentzeko lana ari da egiten Bilboko komiki argitaletxe hau. Superheroien mundua alde batera utzita, komikizale helduago bat jarri du jomugan eta nazioarte mailan mugitzen diren artista onentsuenen lanak plazaratu ditu: Frederik Peeters suitzarrarenak (Aama, Lupus), Quebeceko Guy Delislerenak (Pyongyang, Guia del mal padre), Craig Thompson estatubatuarrarenak (Blankets, Habibi) edota François Bourgeon frantziarrarenak (Los pasajeros del viento, Los compañeros del crepusculo), beste askoren artean. Espainia mailan azken urteotan izan den olatuan ere parte hartu du: bertan argitaratu dira, adibidez, Paco Rocaren (Arrugas, Los surcos del azar), Santiago Garciaren (Garcia!, La tempestad), David Rubinen (Beowulf, La ficcion), Alfonso Zapicoren (Dublines, La balada del norte), edo Alvaro Ortizen (Cenizas, Rituales) lan onentsuenak.

Azken hauetako batzuk euskarara itzultzeko apustua ere egin du. Paco Roca valentziarraren Zimurrak (Espainiako Komikiaren Sari Nazionala irabazi zuen lan onekin 2008an) eta bere azken maisulana, Etxea, euskaraz irakurri daitezke. Baita Miguel Gallardo (Makokiren sortzailea) eta autismoa duen bere alaba Mariaren harremana jasotzen duten Maria eta biok eta Mariak 20 urte ditu. Proventzako espetxe batean ezagutzen diren ETAko kide ohi baten eta GALeko kide ohi baten arteko harremanaren inguruan doa Javier de Isusiren Baleak ikusi ditut. Alfonso Zapicoren Dublindarra (2012ko Komikiaren Sari Nazionalaren irabazlea lan honekin) James Joyce idazle irlandarraren bizitza jasotzen du. Haurrentzako bi lan ere atera dituzte: Fabrice Parme eta Lewis Trondheimen Errege kalamitatea eta Dave McKean eta Neil Gaimanen (Sandmanen sortzailea) Otsoak hormetan zirraragarria.

Oraingoz ez dira asko, apur bat besterik ez, baina komiki munduan murgiltzeko lehen pausoa izan daiteke. Euskaraz, gainera. Animatuko al zarete?

Erantzunak

gorkabilbao 2017-01-05 13:27 Erantzuna | #1

Kaixo, Paco Rocaren zale sutsua naiz eta "Etxea" erosi nuen semeari oparitzeko nik ere maisulantzat dudalako. Hortaz, euskarazko bertsioa aukeratu nuen, eta adierazi nahi dut, zoritxarrez, itzulpen deigarri traketsa dela. Irakurriz gero, arrazoia emango didazue, bai horixe. Adibidetxo bat: "banoa" esan behar duen petsonaia batek (badoa-eta, marrazkian ikusten duen bezalaxe) "joaten naiz" (!!!) esaten du. Zoritxarrez, horrelatsuko nahikotxo daude eta irakurketa eragozten dute. BERAZ, ESKAERA BAT: ASTIBERRIKOOK, SEGI EZAZUE EUSKARAZKO KOMIKIAK ARGITARATZEN, BAINA BILA EZAZUE, ARREN, BESTE ITULTZAILE BAT!!!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa