Itzuli dira etxera Europako txapelketan parte hartu zuten Itxas-Gaineko kideak

Erabiltzailearen aurpegia Itxas Gain Zumaia 2015ko uzt. 8a, 10:34

Asteburuan Esloveniako Bohinj herrian jokatutako Europako Txapelketa irabazi dute Imanol eta Unaiek, Irati Osak aldiz, zazpigarren postuarekin konformatu behar izan zuen 15 segundoko zigor baten ondorioz.

Larunbatean hasi zen Europako txapelketa Itxas-Gaineko gazteentzat. Irati Osa izan zen parte hartzen lehenengoa Barrikako Ainhoa Hidalgorekin K2an. Irteera oso ona egin zuten, Hungariarren olatura jarriz, baina lehen itzulitik bi itsasontzi gailendu  ziren, Danimarka eta Alemania. Besteak baino maila bat gorago zeudela erakutsi zuten. Irati eta Ainhoa bigarren taldean zihoazen epaileek maniobra itsusi bat egin zutela erabaki eta 15 segundoko zigor bat egotzi zieten arte. Hortik aurrera lasterketa hankaz gora jarri zitzaien eta atzetik aurrerako lasterketa bat egin ondoren zazpigarren postuan sailkatu ziren. Hala ere Iratik esan digunez, ez da, Ainhoa eta biak egin duten lasterketarik onena izan.

Igandean berriz, Imanol eta Unairen txanda heldu zen. Pasa den urtean domina lortu ondoren, aurten irabaztea zuten helburu eta baita lortu ere. Irteera oso ona egin zuten eta lehen taldean aurrean kokatu ziren. Hasierako erritmoa mantsoa izan zen eta horrek 10 bat itsasontziko taldea osatzea ekarri zuen. Garraiatzeetan oso ondo moldatu zirela diote, guztietan ere aurrean mantentzea lortzen zuten, azken eta erabakigarria izan zen garraiatzera arte. Norvegiako K2aren hutsa aprobetxatu eta ihes egitea lortu zuten, azken itzuli txikia bakarrik egin eta helmugan bakarrik sartuz. Momentuko zoramena izugarria izan zela diote, urte guztian egindako lanaren emaitza jasotzea lortu zuten.

Beraien partetik, eskerrak eman nahi dizkiete emaitza hau lortzen lagundu dien guztiei, eta batez ere, Jose Manuel Balenciaga eta Xabier Osari eta nola ez urte guztian entrenamenduetan lagundu dieten taldekide guztiei.

Hala ere, oraindik munduko maratoi txapelketa dute aurretik eta ezin dute laneko erritmoa jaitsi. Emaitza honek indarrak eman dizkie jarraitzeko eta gogotsu daude erronka berri honi aurre egiteko.