'Heriotzaz galdezka' zikloaren barruan, solasaldia ostiralean

Erabiltzailearen aurpegia GUNE kultur elkartea 2015ko aza. 26a, 10:49

Gune elkarteak antolatuta, solasaldi berri bat izango da ostiral honetan Foronda jauregian. Oraingoan Eduardo Clavé medikua izango da gure artean, eta eskainiko duen saioa ¿Somos dueños de nuestra vida y muerte? Eutanasia, suicidio...

Honako hausnarketak aurreratzen dizkigu hizlariak:

"Lantzean behin, pertsonen bizitzaren amaierarekin lotutako berriak ditugu komunikabideetan. Eutanasia, lagundutako suizidioa eta antzeko kontzeptuak aipatzen dira. Eta askotan, polemikaz inguratuta. Tertulietako kideek eztabaida sutsuak piztu ohi dituzte gai horien inguruan. Eztabaida asko, baina gogoeta gutxi.

Senideren bat hilzorian daukagunean, gutako askok nahi izaten dugu sufrimendurik gabe joatea. Edo, gutxienez, ahalik eta sufrimendurik txikienarekin. Eta horretarako hainbat bide daude. Gero bakoitzak erabakitzen dugu zein bide hartu, geure balioen arabera. Edo gaia eramaten duen profesionalaren balioen arabera. Une horretan emozio asko nahasten direnez, oso ulertzekoa da gatazkak sortzea eta are sufrimendu handiagoa eragitea.

Ostiraleko hitzaldian hainbat termino argitzen saiatuko gara. Horrela, zertaz hitz egiten ari garen jakingo dugu, eta hobeto informatuta egongo gara hartu beharreko erabakiak hartzeko orduan.  Hori izango da helburu nagusia"

Saioa 19:30etik 21:00etara izango da Foronda jauregian, doan eta denei irekia. Hitzaldiaren ondoren, solasaldirako tartea irekiko da.