Ostiralean solasaldia: "Heriotza, tabu gure gizartean?"

Erabiltzailearen aurpegia GUNE kultur elkartea 2015ko urr. 21a, 17:52

Urriaren 9an hasi zen Gune elkartearen denboraldi berria meditazio saio batekin. Azken urteotan bezala, hilero solasaldiak eta meditazio saioak tartekatuko ditugu eta aurtengoan "Heriotzaz galdezka" izango da solasaldi zikloaren izenburua. Hemen ikus dezakezue denboraldi guztiko egitaraua.

Ostiralean, urriak 23, lehen solasaldia izango da IZASKUN ANDONEGIren eskutik: "HERIOTZA, TABU GURE GIZARTEAN?" gaiaren inguruan arituko da, eta ondoren gerturatutako guztiek solasaldian parte hartzeko aukera izango dute.

Izaskun zainketa aringarrietako erizaina eta Bidegin elkartearen sortzailea da (Dolurako eta gaixotasun larri aurreratuetarako laguntza zerbitzua) (http://www.bideginduelo.org/binit.php). Gainera, Gune elkarteko kidea ere bada taldearen sorreratik.
 
Berak aurreratu digunez, heriotzari buruzko iritzi eta bizipenak partekatu eta hausnartzeko espazio bat sortzen saiatuko da, baita hiltze prozesuaz ere. Gizaki mugatu bezala, ditugun beldur eta itxaropenei izena ipintzen saiatu. Mendebaldeko gizarte honetan, sarri giza dimentsioaz baino, produktibitate eta kontsumismoaz kezkatuta bizi garen zibilizazio honetan, heriotza eta inguratzen duten prozesuak oztopo bihurtzen dira gehienetan, hutsunearen eta misterioaren aurrean kokatzen bait gaituzte eta erabat beldurtzen.
 
Aldi berean, ezustean gertatzen diren heriotzak, lur jota uzten gaituzte maiz, gure bizitza txikituta utz dezakete. Beste kasu batzutan, espero genuena baino lehenago iristen da heriotza. Kasu guztietan, mingarria. Heriotza ukatzeak areagotu egiten du hiltzera doanaren mina, baina baita bizirik geratzen diren ahaideena, askotan hautsitako bizitza baten sentsazioarekin eta erantzunik gabeko galderaz beteta.
 
Heriotzak eragiten duen mina konzienteki aurrikusteak, mugatuak garela aitortzen irakasten digu, irudikatzen dugun bizitza perfektu honetatik irteten, norberaren hutsunea aitortzen, bizipena partekatzen, hitzetan jartzen. Azken finean, hilkorrak garela jakiteak gizakiagotu egiten gaitu eta norberaren edo gertuko pertsonen galera esperientzia iristen denean, egokitze prozesua erraztu egiten du nolabait.
 
Guzti horretaz arituko da Izaskun eta ondoren solasaldirako tartea izango da. Saioa irekia eta doan da, arratsaldeko 7:30etik 9ak arte Foronda Jauregian.