Game of Thrones

"Seguru egon HBO oso haserre egongo dela"

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2016ko urr. 26a, 12:05

'Game of Thrones'-ekin gertatzen ari den orgia mediatikoaren erdian autokritika egiteko eskatzea alferrikoa izango da, baina Komunitateko izkina honetatik eskua altxatzeko premia sentitu dut, autoterapiarako besterik ez bada. Aitortu behar dizuet: joan den astetik burutik kendu ezinik nabil ETBko kazetariaren eszitazio aurpegia, zoom supersoniko batekin Muriolako hondartzan grabaketako irudiak "esklusiban" lortu zituztelako: "lortu dugu, segurtasun neurriek huts egin dute eta grabaketako irudiak lortu ditugu!". Tamainako balentriak segida izan zuen Gaztelugatxen, eta egunotan Zumaian bizitzen ari gara kapitulu epikoenak.

Paparazzi joko horretan geuk ere parte hartu behar ote genuen, galdera horri erantzun behar izan diogu aste honetan. Eta bai, Boris Johnsoni Brexitarekin bezala, niri ere aldeko eta kontrako argudioak sortu zaizkit. Baleikeren erabakia zein izan den badakizue, baina ez da nire asmoa hemen pontifikatzen hastea, geuk ere pekatu txikiren bat izango dugulako. Komunikabide bakoitzeko arduradunak jakingo du zer bide aukeratu. Nire iritziak haiena bezainbeste balio du.

Baina aukera aprobetxatu nahi dut atzo izan nuen elkarrizketa pribatu bateko pasarte argigarri batzuk zuekin konpartitzeko. Solaskideak HBOrekin harreman zuzena du bere lanagatik, eta ekoizpen handi hauetan aditua da. Pasarte hauek argitaratzeko baimena eman dit, bere izena gordetzekotan. 

Ez dakit lerro hauek tronu-ehizan dabiltzan komunikabideetako arduradunengana iritsiko diren, baina hala bada, espero dut gutxienez hausnarketarako eta autokritikarako balioko dutela.

Horrela dio:

"Bertako medio nagusiak irudien “lapurretan” parte hartzea, eta argitaratzea eta emititzea, sekulako astakeria da eta ez dio inolako mesederik egiten eskualde horri. Seguru egon HBO oso haserre egongo dela. Baina arazoa ez da HBO haserretzea; okerrena da nazioarteko ekoiztetxe handiek honen guztiaren berri izango dutela, eta ez zaiela batere erakargarri egingo grabatzera joatea komunikabide nagusiek ere spoilerra egingo dieten leku batera. Estatubatuarrek gauza hauei garrantzia handia ematen diete, eta gertatzen ari dena seguru ez diela batere graziarik egin. Nazioarteko grabaketa garrantzitsuak uxatzeko biderik azkarrena da hau. Komunikabideek, eta batik bat ETB bezalako komunikabide publikoek, komunitatearen onuraren alde egin behar dute, eta erakusten ari diren jarrera kontrako bidetik doa".

"Gure kasuan, hasieratik geneuzkan grabaketako irudiak (argazkiak eta bideoak), grabaketa taldeko kideek emanda, baina ez genuen sekula bat bera ere publiko egin. Gure inguruko telebista publikoak ez zuen kamara bakar bat ere bidali grabaketa eremura, eta ez ziguten irudirik eskatu, bageneuzkala jakin arren. Eta irudi batzuk oso ikusgarriak ziren... Irudi horiek guztiak gordeta dauzkagu, baina ez ditugu erakutsiko HBOren baimenik gabe, ulertzen dugulako lan eremukoak direla. Beraiek ezarritako irizpideekin ados egon edo ez, funtsezkoa da zorrotzak izatea etorkizunerako ateak itxi nahi ez badira".

Horraino solaskidearen gogoeta.

Badakigu, gaur egun, zoritxarrez, argudio etikoek (bestearen lana errespetatzea; ez egin besteari zuretzat nahiko ez zenukeena...) eta periodistikoek (eduki hauen balio informatiboa, egunero azalak eta albistegiak zabaltzeko...) hutsaren hurrengo balio dutela balantzaren bestaldean audientziaren ustezko apetak jartzen direnean.

Baina, zer esango dizuet, zantarkeria hutsa iruditzen zait ekoizpen handi hauen onura ekonomikoak defenditzea eta, aldi berean, teilatu horri harriak botatzea. Edo onura ekonomiko partikularraz ari dira soilik?