Harrera txukuna egin diogu Correscalesi

Erabiltzailearen aurpegia Eskubide Sozialen Karta 2016ko ots. 19a, 16:00

Iratzargailuak ohi baino lehen jo du gaur etxe askotan, eta ohi baino nagikeria gutxiagorekin jaiki gara, Korrika Prekarioari harrera egiteko hitzordu ederra genuen eta.

Bat baino gehiago hitzordurako bidean harrapatu du karabanak, bakarren bati etxetik irtetear zela pasatu zaio leiho paretik... Uste baino lehentxeago iritsi baita Zumaiara!!!

Talde polita elkartu gara hala ere, saltaka, oinez eta bizikletaz. Lastima, bertaratu garen gehienok argazkian ez egotea! Oroitzapen on horietako bat izango da!

Mila esker ekimen zoragarri eta behar-beharrezko hau antolatu duzuen guztioi, Marea Urdinekoei nahiz haien erronkari gogotsu heldu diozuen lagunoi, aukera eman diguzuelako lagunartean eta plaza-tabernetan kexaka ibiltze hutsetik haratago joan eta elkar hartuta prekarietatearen aurka eta duintasunaren alde aldarri ozenago egiteko.

Oraintxe bertan hor jarraituko dute Gipuzkoan barrena lasterka, Hernani inguruan edo, eta gehiagoren gogoz geratu zaretenok hurbildu zaitezte eguerdi-arratsalde partean Donostia ingurura, badago-eta zer egin eta zer entzuna; besteak beste, David Fernandezek Alberti egingo dion elkarrizketa.

Hementxe duzue Donostiako elkartasun-taldearen esteka.

Bestalde, Korrika Prekarioaren unean uneko jarraipena egin nahi baduzue, zorionekoak zuek, horretarako aukera ere bai baitaukagu! Argiak, Ahotsak, AraInfok eta La Directak elkarlanean egingo diote, hemen.