Erantzunak aurreikuspen guztiak gainditu ditu

Erabiltzailearen aurpegia ZUMAIAKO ERREFUXIATUEN HARRERA TALDEA 2016ko mai. 21a, 15:25
Errefuxiatuen alde antolatutako janari eta diru bilketaren erantzunaren berri eman du Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeak: 3.000 kilo janari eta produktu, eta 9.500 euro lortu dituzte. Kanpainaren hasieran jarritako helburuak aise bete dituztela-eta, pozarren agertu dira taldeko kideak. Bildutako guztia Greziako Chios irlako errefuxiatuen kanpalekuetan erabiliko dute.

“Oso positiboa”, “pozgarria”,  “itxaropentsua”…, adjektibo ezberdinak pilatzen dira Errefuxiatuen Harrera Taldekoen ahotan, errefuxiatuei elkartasuna adierazteko antolatu dituzten ekintzen balorazioa egiterakoan. Apirilaren 25ean ekin zieten kanpainari, ikastetxeetan antolatu zuten janari bilketarekin. Asteburu hartan bertan, Dia, Eroski eta Itsaski saltokietan ere egon ziren elikagaiak  eta produktuak biltzen, guztira, 3.000 kilo lortu dituzte.

 Janaria jasotzeaz gain, diru bilketa ere jarri zuten martxan harrera taldekoek.  5.000 euro lortzea jarri zuten helburu bezala hasieran, eta 9.500 euro batuta, oso pozik agertu dira. “Errefuxiatuekin Elkartasuna”  jaialdiko sarrerekin lortu dute diruaren zati bat; herritarrek harrera taldearen kontu korrontean egin dituzten ekarpenekin, bestea.

Bildutako janaria zein dirua Greziako Chios irlako kanpamentuetan erabiliko dute, Zaporeak proiektuarekin elkarlanean. Hain zuzen ere, harrera taldeko bi kide Zaporeak-ekin egon dira Chiosen bertan, eta haiek ematen diete hango egoeraren eta beharren berri. Zaporeak-ek egunero-egunero 1.600 errefuxiaturi eguneko otordu garrantzitsuena prestatu eta banatzen die, eta horretara bideratuko da bildutakoaren parte handiena. Baina, horrez gain, bada beste proiektu bat kanpaina honek diruz lagundu duena. Izan ere, kanpamenduetan dauden haurrek, beren ikasketak eten ez ditzaten, eskola bat prestatzen ari da boluntario talde bat, eta eskola horretarako mahaiak eta aulkiak ere erosi dituzte lortutako diruarekin.

Hala, Errefuxiatuen Harrera Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie kanpainaren arrakasta posible egin dutenei: janari bilketan parte hartu zuten boluntarioei, herritarrei eta saltokiei; baita kontzertuetan eta kantaldian parte hartu zuten artistei, soinu teknikariei, aurkezleei eta publikoari. Horrez gain, Keixeta, Gaztetxea, Maria eta Jose, Zumaiako Herri Eskola, Andoaingo Zine eta Bideo Eskola, A3, Caritas eta Zaporeak proiektua ere eskertu nahi izan ditu taldeak.