Eman ziaboga... poltsikorantz?

Erabiltzailearen aurpegia Axier Lopez 2015ko uzt. 11a, 11:37
Zumaiako Udal gobernu berria osatuta, ostegunean lehen udalbatza egin zuten. Orain arteko ereduari ziaboga egiteko aurkeztu dutenek hartu dute lehen erabakia jada: alkatearen eta bi zinegotziren soldatak %33 igotzea. Zumaiarrek bozka bidez hobetsi duten aldaketak ohiko politika profesionalaren lepotik duela burua dirudi.

Hemendik aurrera Oier Korta alkate berriak urtean 54.857 euro (gordin) kobratuko dituela erabaki dute EAJk eta PSE-EEk. Hau da, orain arte agintean izan den Iñaki Agirrezabalagak lan berbera egiteagatik jasotzen zuena baino 13.835€ gehiago kobratzea. Beste era batez esanda, alkateak erabaki du alkateak urtean 3.900€ inguruko 14 paga izango dituela.  Bestetik, zinegotzi liberatuen kopurua bira igo dute berriz: Gotzon Enbil eta Jon Iraola jeltzaleak. Aurreko udal taldean lanaldi erdiak 13.817€ "balio" zuen eta orain 20.551 eurotan dago. Beraz, egunean udalean 4 orduz lan egingo duten bi zinegotziek hilero 1.460€ jasotzea merezi dituela erabaki dute, gehi bi paga estrak, noski.

Kopuru orokorretan, hurrengo lau urteetan, gure zergetatik lehen baino 41.000€ gehiago bideratuko dituzte urtero alkate eta bi zinegotziren poltsikoetara; urtero 95.955€, alegia.

Nik ez dut epaituko ea asko ala gutxi den 10.000 biztanleko herri batean diru kopuru hori hiru pertsonetan gastatzeak. Ez da neurri kontua. Kezkagarria zaidana da hori erabakitzeko prozedura ea zilegi ote den. Ustelkeriagatik, krisi ekonomikoaren arduradun zuzenak diren bankuekin duten harreman estuagatik, kargu publikoak aberasteko erabiltzeagatik, ate birakarien efektuagatik, jendeari etxea kendu bitartean enpresariekin angulak jaten egoteagatik... hauengatik eta beste hamaika arrazoirengatik, herritarren gehiengoak inoiz baino mesfidantza handiena sentitzen du alderdi politikoekiko. Testuinguru honetan, beren soldatak igotzea haiek beraiek erabakitzea al da "politika berria" egin nahi dutenen lehen neurria?

Zer pentsatua, gutxienez, ematen du.

Alkatea jaun eta jabe
Udal teknikari guztien artean gehien kobratzen duena baino euro bat gehiago jaso behar du alkateak. Gaur arte osatu diren udal guztietan EAJk eta PSE-EEk erabili duten argudioa da. Hau da, ahalik eta diru gehien biltzea asmo duten enpresatan erabiltzen den ekuazio bera: goian dagoenak gehiago, behean gutxiago. Oier Kortaren hitzetan: "Alkatea baita Udalean ardura handiena duena" eta beraz diru gehien jaso behar duena. Logika horren alderdi militarrari (aginte bertikala) erreparatu gabe, galdera da: zumaiarren artean hilean diru gehien jasotzen dutenen klub selektoan politikariak egotea, demokraziari onik egiten al dio? Aberastea helburu duten enpresen irizpide bera erabili behar al dute instituzio publikoek eta politikariek?

Antidemokratikoa
"Zer da Udalak egin behar duena?" zumaiarroi galdetuko bagenie, zenbatek erantzungo luke politikarien soldata igotzea? Politikari batzuek salbu, inork gutxik. Are gehiago, "politikariak ondo ordainduta daudela uste al duzu?"  galderaren aurrean, erantzuna jakina dela esango nuke.
Erroan dagoena zera da: zeinek erabakitzen du gure ordezkari publikoen soldata?  Kasu honetan, EAJren eta PSE-EEren programetan ez dago soldatak igotzeko neurria jasota. Beraz, hartu duten lehen neurria izan bada ere, zeinen izenean hartu dute erabaki hori? Hori al da politika berria egitea?

Aginte bertikala eta independentzia eza
Azken hauteskundeetan EAJk eskuratu dituen alkatetza berrietan errepikatu da Zumaian ostegunean gertatutakoa. Soldatak igo dituzte herri askotan. Arrigorriagako EAJko alkate Asier Albizuak, adibidez, %44 igo du. Azkoitian %47 igo dute EAJko Javier Zubizarreta alkatearen soldata. Beasaingo alkateak hemendik aurrera ia Espainiako ministro baten pareko soldata izanen du: 68.981 kobratzen ditu ministro batek urtean, eta 67.087 euro kobratuko ditu Aitor Aldasoro jeltzaleak. Zestoan ere EAJko Josetxo Mendizabalek aurreko alkateak baino %47 gehiago kobratuko du (52.707€). Hondarribiko kasuan, soldata urteko 5.000 euro inguru jaitsi badute ere, Txomin Sagarzazu jeltzaleak Marbellako alkatearen pareko soldata izanen du hurrengo lau urteetan: 65.000 eurokoa, hain zuzen.

Badira beste hainbat kasu, baina adibide hauek erakusten dute EAJko eta PSE-EEko zuzendaritzak adostutako erabaki orokorra izan dela. Alegia, igoeren atzean ez dago inongo loturarik tokian tokiko errealitate ekonomikoarekin. Beraz, galdera da: Zumaiako EAJko zerrendan independente bezala aurkeztu direnen (tartean, oso oker ez banago, agintean diren Oier Korta eta Xabier Garmendia) "independentzia" nola ulertu behar dugu? Zer esan nahi du independente gisa aurkezteak goitik behera datorren lehen aginduaren aurrean bestelako ahotsik ez badago? Oierri buruz ezin dut hitz egin, ez baitut pertsonalki ezagutzen, baina hi, Xabier, benetan ados al hago neurri horrekin?

Aurrera begira: eliterik ez, neurri berdinzaleak
Bada garaia herritarron diruaren kontura bizi direnei neurriak eta mugak jartzeko. Ez da posible azken urteotan gurean gertatu direnak gertatu eta gero, politikariek beraiek erabakitzea haien soldata herritarron inolako kontrolik gabe. Herritarren zerbitzura lan egiteko prestutasunak konpromiso zehatzekin batera lagunduta behar du. Eta, jakina, ordezkari publikoek bizitza publikoan pisu nabaria dutenez, eredu izan behar dute.  Sustatu nahi duten gizarte-ereduarekiko koherente. Beraz, Zumaiako alkateak (edozein delarik alderdia) zergatik ez du kobratzen zumaiarrek hilero jasotzen duten soldataren batez bestekoa? Langabetuak ere kontuan hartuta, noski. Gaur egun datu hori lortzeak teknikoki ez du lan handirik, eta herriari, tokian tokiko errealitateari, lotutako neurri egokiagorik nekez lortuko dugu.

"Guk herriaren alde egingo dugu lan, herria kontutan hartuta.", zioen alkate berriak hauteskundeak irabazi berritan Baleikeko elkarrizketa batean. Hala bada, herria aurrera ateratzeko lagundu nahi duen horrek, herritarrok bizirauteko batez beste kobratzen duguna kobratuko balu, ez al luke mesfidantza asko itzaliko? Eta horrek, unean une agintean dagoen alderdiaren kolorea edozein delarik ere, ez al luke herritarron parte-hartzea erraztuko?

Historiak mila aldiz erakutsi digun bezala, politikeriaren ohiko uretan sartuta, traineruak ziabogan interes pertsonaletan itotzeko aukera izango du beti.