Gure herriko EAJk sueltoan egitea erabaki du euskara biziberritzeko lanetan

Erabiltzailearen aurpegia anttonpeñalba 2015ko uzt. 17a, 10:48
Hasi da martxan gure herrian legealdi berria, eta lehenengo udalbatzan, besteen artean, gure agintariek, EAJk, sueltoan dantza egitea erabaki dute euskara biziberritzeko lanetan. Erakundeetan indar politiko bakoitzak izango duen ordezkaritza banatzeko orduan, herriaren ia erdia UEMAtik kanpo, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatetik kanpo utzi gaitu EAJk. Dantza lotuan egin ordez, sueltoan egitea erabaki du.Tristea benetan! Lastima eta haserrea eragin dit erabakiak. Ez nuen horrelakorik espero.

Beti pentsatu dut, eta esan ere horrela esan dut makina aldiz, euskara guztion hondarea dela; emakume eta gizonezkoena, gazte, haur eta helduena, bertakoena eta kanpotik gurera etorritakoena, euskaraz dakigunona eta ez dakitenena. Guztiona da, eta guztion lana da, bakoitzak bere neurrian, euskarari bizileku gozo eta abegikorra egitea. Horretan ahalegindu gara herritar asko eta asko. Ahalegindu gara era askotan pentsatzen duen herriko jendea Udaleko euskara- batzordera erakartzen, aurreko legealdian, EH Bilduk eta Aralarrek gehiengoa izan arren, postu bat eskaini zioten EAJri UEMAn, ekitaldi bat baino gehiago egin dugu herrian, iritzi ezberdina duen jendea elkartu, eta euskararen egoeraz hausnarketan aritzeko. Ahalegina egin dugu, hitz batean, lotuan dantza egiten.

Inguruko herrietan ere, UEMAko ordezkariak indar politiko guztien artean banatu dira. Bai Zarautzen, bai Orion, bai Getarian, bai Zeztoan, bai Azpeitian, bai Azkoitian, agintean indar politiko bat ala beste izan, denok izango dute lana elkarrekin egiteko aukera UEMAn; bakoitzak bere neurrira, baina elkarrekin. Lotuan egingo dute dantzan. Eta Zumaian? Ez ote gara gauza izango lotuan dantza egiteko? Sueltoan egin beharko ote dugu hurrengo lau urteetan?

Ez nuen horrelakorik espero, Oier, ez nuen horrelakorik espero, EAJko jaun-andreak.

Uste dut gure herrian indar politiko guztiek izan beharko luketela bere ordezkariren bat UEMAn, baita PSEk ere; euskara biziberritzeko lana guztion lana da, euskara guztion hondare.

Nik, soltean edo lotuan, euskaraz eta euskararen alde dantzan segituko dut. Espero dut ,berandu baino lehen, lotuan, “agarrauan”, dantza egiteko pareja izango dugula.