‘Ama, nora goaz?’ dokumentala igandean estreinatuko da Giza Eskubideen Zinemaldian

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mar. 30a, 20:44

Filma 16:30ean eskainiko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian eta sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Ama, nora goaz? galderari erantzunaz ahotsa eman die Baleuko ekoiztetxeak Gerra Zibilaren inguruan orain arte isilpean jaso diren emakumeen bizipenei.

Garaiko bortizkeri eta indarkeria jasan zutenen zuzeneko testigantzak bilduz, gure aitzindari eta senitartekoek jasan eta bizi behar izan zuten bidegabekeria, biolentzia, izua, oinazea eta ihesa islatzen ditu dokumentalak.

Izan ere, 80 urtetan zehar garaiko gertakariak ezagutarazi dituzten liburu eta ikus-entzunezko ugari egin badira ere, bada inoiz kontatu ez den historia bat: errukirik gabe, negu gordinean, haurrak eta ondasun apurrak soinean, haien etxea uztera behartuak izan ziren emakumeen historia, hain zuzen. 1937ko neguan Gipuzkoako 14 herrietako 1.000 emakume inguru kanporatuak izan ziren. Gehiengoak Errepublikaren alde frentean borrokan ari ziren gizonen emazteak ziren, abertzaleak eta errepublikazaleak. Haien etxeetatik bota zituzten, eta seme-alabekin batera, norabide jakinik gabeko bidaia hasi zuten. Lehenik Bizkaira, ondoren Santanderrera eta handik Frantziara, babes bila, inoiz itzuliko ote zirenaren beldur.

Hori da, hain zuzen Ama, nora goaz? dokumentalak, 60 minutuz islatzen duena. Sentipen eta bizipen ugarik topo egiten dute ordubeteko dokumental hunkigarri horretan eta ziur, ikusten duen inor ez duela axolagabe utziko.