88 lagun elkarrizketatu eta beste 81 pertsonaren curriculumak jaso ziren ostegunean Enplegu Zentroan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mar. 21a, 11:18

Goizeko lehen ordutik hasi ziren herritarrak joan den ostegunean Enplegu Zentrora hurbiltzen. Izan ere, Zentroaren hileroko irekiera eguna aprobetxatuz, herrian zabalduko den supermerkatu berrian lan egiteko curriculumak utzi eta lan elkarrizketak egiteko aukera izan zuten zumaiarrek.

Guztira 88 lagun elkarrizketatu eta beste 82ren curriculumak jaso ziren. Horiek horrela, 2 edo 3 aste barru, Uvesco, hautespen prozesuaren enpresa arduraduna, zuzenean jarriko da harremanetan elkarrizketatuen artean hautatuak izan diren lagunekin. Halaber, enpresak gainerako 81 pertsonen curriculumak jasoko dituela adierazi du, etorkizunean sortu daitezkeen lanpostu berriak betetzeko.

Urola Kostako Udal Elkarteak bere aldetik, ostegunean Enplegu Zentrora bertaratu ziren guztiei, elkarrizketatuak izan zirenei eta ez zirenei, alegia, banan-banan deitzeko konpromisoa azaldu du, Enplegu Zentrotik eskaini eta bideratzen diren aukeren berri emateko: Udal Elkarteko lan-poltsa, laneratze prozesuak, curriculumak hobetzeko aholkuak…

Amaitzeko, Udalak eskerrak eman dizkie bertaratu ziren guztiei eta etorkizunera begira, herriko ekonomia eta enplegua bultzatzeko eta zumaiarrei lan aukera berriak eskaini ahal izateko horrelako ekimen gehiago sustatzeko konpromisoa berretsi du.