Udalak herrian gertatutako lapurreten inguruan zabaldu den informazioa argitu nahi du

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko mar. 9a, 14:55

Gaur goizean Zumaiako lapurreten inguruan medio batean zabaldu den  informazioaren harira eta horrek herrian eta herritarren artean sor dezakeen kezka eta urduritasuna aintzat hartuz, Zumaiako Udalak argi utzi nahi du emandako datuak ez direla guztiz zuzenak. 

Lehenik eta behin, urtea hasi denetik herrian gertatutako lapurretak ugaritu egin direla ziurtatu du Udalak, baina kopuru hori ez dator bat, inondik inora, gaur zabaldutakoarekin. Urtarriletik gaur arte erregistratu diren datuen arabera, guztira 8 lapurreta gertatu dira, zabaldu den kopuruaren erdia, alegia.   

Bestalde, lapurretak Aita Marin, Basadin, Patxita Etxezarretan eta Juan Belmonten gertatu direla adierazi nahi du, eta ez Ardantzabiden, esan den bezala.

Dena den, datuak ukaezinak dira eta Udalak ez dio garrantzirik kentzen gertatutakoari. Horregatik, lapurreta horien guztien aurrean beharrezkoak diren neurriak hartu dituela azpimarratu du. Dagoeneko ertzainen esku dago kasuen azterketa eta bien bitartean, Udalak lasaitasun mezua helarazi nahi die herritarrei gaiaren aurrean.