baleike.eus

Udalak dio zumaiarrek etxeetan jaso duten TAO sistemaren inguruko proposamena ez dela berak egindakoa

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016-12-30 16:47   Politika

Zumaiako Udalak azken egunetan TAOren inguruan sortutako nahasmena argitu nahi du.  TAO sistema ezartzeko ordenantza martxorako prest izatea  aurreikusten du.

Zumaiako Udalak, Zumaiako herritarren egunerokotasunari zuzenki eragiten dion gai bat dela kontutan izanik, lehentasuna ematen dio herriko aparkalekuak arautzeari. Hori dela eta, aspaldian dabil lanean gaia ikertzen eta dagoeneko herritarrekin partekatu duen proposamena 2017an burutzeko asmoa du.

Azken egunetan, baina, zumaiarren etxeetara iritsi den eskuorri batek nahasmena sortu du eta pertsona ugari hurbildu da udaletxera argibide bila. Hori dela eta, Udalak argi utzi nahi du, etxeetan jasotako proposamen hori ez datorrela Udaletik eta ez dela, beraz, 2017an ezarriko den sistema. Nahasmen honek are argiago utzi du zumaiarrentzat gai honek duen garrantzia eta Udaletik gai honi ematen ari zaion lehentasuna egokia dela berresten du.

Lanketa sakona eskatzen duen gai bat izanik, udal teknikari zein udaltzain buruaren, enpresa espezializatuen  eta nola ez herritarren ekarpenak ezinbestekoak dira aparkalekuaren gaiari guztion artean, alderdikerien gainetik, erantzun egokiena emateko.

Udalak argitu nahi izan du, sistemaren inguruko edozein informazio era argi eta zuzenean helaraziko diela herritarrei. Udalaren proposamen eta zirriborroek harrera ona izan dute orain arte egin diren aurkezpenetan, eta herritarren iritzia aintzat hartzen jarraituko duela adierazi du Udalak.

Zorionez azken urteetan Zumaian turismoak izan duen gorakadak, onurak ekarri dizkio herriari, baina baita, halabeharrez, arazoren bat ere. Aparkalekuarena da arazo horietako bat, eta horren konponbidea lantzen ari da Udala. 2017ko aurrekontuetan jasota daude horretara bideratutako baliabideak eta  martxorako ordenantza prest izatea aurreikusten da.

Lehen fasea, Ardantzabide eremuaren ordenamendua alegia, dagoeneko onartu da  ordenantza bidez. Bertako bizilagunek  2017tik aurrera egoiliar txartela lortu ahal izango dute araubide horretako xede diren zonetan aparkatu ahal izateko, beti ere, ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2016-12-30 16:53 Erantzuna | #1

Udal gobernuari (eta ez Udala) esatea ahaztu zaiona da etxeetara iritsi den proposamena EH Bildurena dela (hemen dago ikusgai: https://issuu.com/ehbilduzumaia/docs/aldizkaria...).

Bestalde, TAO edo OTA aipatzen duen bakarra Udal gobernua bera da, EH Bilduren proposamenean oraingoz (herritarrekin egingo den bileretan itxiko da) ez baita aurreikusten TAO edo OTArik.

Gaia alderdikeriaz kanpo landu nahi bada, dauden proposamen ezberdinak mahai gainean jarri, eta izan daitezela herritarrak erabakitzen dutenak zein aukera ezarri, EH Bilduk proposatu duen bezala.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa