Saregileen plazan oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurriak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko aza. 28a, 15:17
Plazako zutabeen altuera murriztuko da oinezkoen segurtasuna bermatu eta era berean, ibilgailuen ikuspen-baldintzak hobetzeko.

Gaur goizean bertan hasi dira Saregileen plazan oinezkoen segurtasuna bermatzeko egokitzapen lanak. Jakina da plaza horretan dauden zutabeek bertatik igarotzen diren ibilgailuen ikuspen-baldintzak oztopatzen dituela. Ondorioz, autoek ez dituzte zebra-bidetik igarotzen diren oinezkoak behar bezala ikusten, haien segurtasuna arriskuan jarriz.

Egoera honen aurrean Udaletik neurriak hartu ditugu nagusiki herritarren segurtasuna bermatu eta, era berean, ibilgailuen ikuspen-baldintzak hobetzeko. Horretarako, zutabe horien altuera murriztuko da eta bide batez, eremua apaintzeko hainbat lore ere jarriko dira.