Birzkiklapenaren inguruko sentsibilizazio kanpaina Beheko Plazako zaharren egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko aza. 22a, 14:15

Zumaiako Udalak, Ferrovial Servicios enpresarekin batera, hondakinen eta horiek gaika biltzearen garrantziaren inguruan sentsibilizazio kanpaina bat antolatu du datorren azaroaren 29an, arratsaldeko 18:00etan, Beheko Plazako zaharren egoitzan. Solasaldia zentroko erabiltzaileei zuzenduta egongo da.

Kanpaina honen baitan parte hartzaileek zentroko edukiontzien hondakinak aztertuko dituzte horiek gaika ondo biltzen dituztela egiaztatzeko. Horretarako, lehenik eta behin edukiontzien pisua neurtuko dute. Ondoren, gaizki bilduta dauden hondakinak baztertu eta edukiontziak berriro pisatuko dituzte desberdintasuna ikusi ahal izateko.

Horiek horrela, birziklapenaren eta hondakinak gaika biltzearen garrantzia azpimarratzeaz gain, solasaldiaren helburua da hondakinak sortu edota murrizteko norberak duen arduraren kontzientzia hartzea, besteak beste. Gainera, sentsibilizazio kanpaina honen bitartez, birziklatzen ikasteko sekula ez dela berandu jakinarazi nahi zaie parte hartzaileei.