Kirola egiteko makinak jarriko ditu Udalak Alai auzategian

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko urr. 18a, 11:49

Barra bertikal zein horizontalez osatutako egitura bat eta adinekoei zuzendutako hiru makina jarriko ditu Marianton parkean.

Zumaiako Udalak, Street Workout mugimendura atxikita, zenbait makina jarriko ditu Alai auzategiko Marianton parkean herritarren artean kirola sustatzeko. Aipatutako mugimendu horrek helburu du kirola edota entrenamenduak kalean egitea, bereziki parke edo eremu publikoetan.

Horiek horrela, bihartik aurrera, barra horizontal zein bertikalez osatutako egitura bat jarriko da aipatutako parkean, eta zumaiarrek, besteak beste, dominadak edota flexioak egin ahal izango dituzte.

Adinekoei zuzendutako kirol ekipamenduak

Era berean, zahartze aktiboa sustatze aldera, hiru makina jarriko ditu Udalak parke berean, Zumaiako adinekoek ere kalean kirola egiteko aukera izan dezaten. Makina horiek harrera ona izanez gero, ekipamendu gehiago jartzea aurreikusi du Udalak.  

Obra hauek guztiak 15 egun inguruan egingo dira.