Garbiketa ordenantzaren nondik norakoak partekatzeko bilera deitu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko urr. 11a, 16:57

Bilera urriaren 24an egingo da Alondegian arratsaldeko 18:30etan eta zumaiarrek dagoeneko eskuragarri dute dokumentuaren lehen zirriborroa udal webgunean. Ordenantza honekin gobernu taldeak helburu du espazio publikoaren garbiketa eta erabilera desberdinak antolatzea, errespetuan eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza egokia bermatu eta herritarrei kalitatezko eremu publikoak eskaintzeko.

Dagoeneko amaituta dago azken hilabeteetan gobernua lantzen aritu den udal garbiketa ordenantzaren lehen zirriborroa. Lanketa prozesu honetan zehar, gobernu taldeak hainbat iritzi eta ekarpen jaso ahal izan ditu eta hauek guztiak aintzat hartuta, inguruko herrietan indarrean dauden eta eraginkorrak diren ordenantzak aztertu eta oinarritzat hartu ditu lehen zirriborroa osatzeko. Dokumentua Zumaiara egokitu du tokian tokiko errealitate eta beharrei erantzuteko xedez.

Horren harira, gobernu taldeak azpimarratu du Udalaren ardura dela zumaiarrei kalitatezko espazio publikoak eskaini eta herriko ondarea zaindu eta babestea. Ildo honetatik, azken hilabeteetan Zumaiako eremu publikoetan egin diren pintadek are bistakoago egin dute herritarrentzat garbiketa ordenantzaren beharra Zumaian. Horregatik guztiagatik, garbiketa ordenantza honen bitartez udal gobernuaren nahia da herriaren eta herritarren behar horri erantzutea.

Horiek horrela, dokumentuaren helburua da, besteak beste, eremu publikoen garbiketa eta erabilerak antolatzea eta herritar ororen adierazpen askatasunerako guneak ere bermatzea, aurrerantzean Zumaiako espazio publikoa herritarren bizikidetzarako eta elkartegintzarako errespetuan eta berdintasunean oinarritutako kalitatezko gunea izan dadin.

Herritarrekin bilera

Lehen zirriborroa prest izan bezain laster, Udala herriko hainbat elkarte eta eragilerekin bildu da: Kalea Guztiona Da, Nagusilan, Zumaiako Merkatari Elkartea eta herriko finken administrazioan nagusi den enpresa kideekin, alegia. Bilera horren xedea izan da guztien ekarpenak entzun eta haiek herrian zehar kartelak jartzeko edo adierazpenak egiteko izan ditzaketen behar bereziak aztertu eta lantzea.

Era berean, oraingoan, dokumentua behin betiko onartu aurretik, udal gobernua zumaiarrekin bilduko da, herriko hainbat elkarte eta eragilerekin egin bezala, ordenantzaren nondik norakoak haiekin partekatu eta haien proposamen eta iradokizunak ere entzun eta jasotzeko.

Bilera urriaren 24an egingo da Alondegian.  Era berean, Udalak jakinarazi du gaurtik aurrera herritarrek eskuragarri izango dutela udal webgunean ordenantzaren lehen zirriborroa.  

ZIRRIBORROA HEMEN IKUSGAI