Zumaiako Udala auzo ezberdinetako bizilagunekin bilduko da Mugikortasun plana garatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko ira. 2a, 12:02

Uda sasoiari begira, Zumaiako Udalak, hainbat neurri hartu ditu herrian zehar trafikoaren zein aparkalekuaren egoera hobetzeko, baina, udan ez ezik, urtean zehar ere sortzen diren mugikortasun eta irisgarritasun beharrei erantzuna emateko mugikortasun plana eguneratzeko pausoak ematen hasia da, horretarako gaur egun erabilgarriak diren 2006an egin zen azken mugikortasun planeko datuak erabiliko dira.

Plan berria garatu eta hau Zumaiaren eta bereziki zumaiarren eguneroko beharretara egokitu dadin, Udalak, ezinbestekotzat jo du herriko auzo ezberdinetako bizilagunekin biltzea, hauen ekarpenak gertutik ezagutu, entzun eta jaso ahal izateko. 

Horiek horrela, eta abuztuan iragarri zuen modura, lehen bilera, irailaren 5ean egingo du Ardantza auzoko administratzaileekin eta 7an Hondar Gain eta Larretxokoekin, biak arratsaldeko 7etan Alondegian. Bilera honen bitartez, Udalak, auzoan dauden mugikortasun eta irisgarritasun gabezi eta beharrak zeintzuk diren ezagutu eta era berean, auzotarren ekarpenak entzun eta jaso ahal izango ditu. Ildo honetatik, Udalak adierazi du, urritik aurrera, Zumaiako gainerako auzoetako bizilagunekin ere bilduko dela, modu honetara, Plan berriaren garapena eta bereziki aparkalekuaren gaia, zumaiar guztiekin lantzeko. Mugikortasun Planak, helburu du, herritar guztien beharretara egokitutako Zumaia eraikitzea.

Garbiketa ordenantzaren bilera
Era berean, Udal gobernuak aurrera pausoak eman ditu garbiketa ordenantzaren idazketa prozesuan eta honen inguruko bilera egingo du udal talde politikoekin, teknikariekin eta herriko eragileekin irailaren 26an, Udaletxean bertan.